Tokio 2020

TXIMISTAK ESTADIOAN

Emakumezkoen 100 metroko finala gaur jokatuko dute, eta gizonezkoena, bihar. Shelly-Ann Fraser-Prycek historia egin dezake: hirutan irabaz dezake banakako proba bera. Lehena litzateke andrazkoen artean.

Shelly-Ann Fraser-Pryce, ahalegin betean, atzo, 100 metroko kanporaketan. CHRISTIAN BRUNA / EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Tokioko Olinpiar Estadioan ekaitza dago iragarrita gaurko eta biharko, tximista eta guzti. Atletarik azkarrenak ariko dira. Gaur eta bihar jokatuko dituzte 100 metroko finalak: emakumezkoak ariko dira gaur, eta gizonezkoak bihar. Ordu berean hasiko dira biak: 14:50ean Euskal Herrian.

Hamar urtez tximista berak gogor jo zuen estadioa: Usain Bolt zuen izena tximista horrek. Baina atleta jamaikarra ez da ariko Tokion. Duela lau urte hartu zuen erretiroa, makina bat erakustaldi eman eta gero; horietatik asko, Olinpiar Jokoetan: urrezko zortzi domina irabazi zituen, eta hamaika une zirraragarri eskaini. Beraz, gizonezkoetan behinik behin, txapeldun berria izango da hamazazpi urte eta gero. Boltena ez den beste kolko batera joango da urrezko domina.

Emakumezkoetan, ordea, ia ez dago aldaketarik. Duela bost urte Rio de Janeiron (Brasil) finalean parte hartu zuten zortzi atletetatik lau ariko dira gaur finalerdietan (12:15ean Euskal Herrian), eta, ezusterik ezean, baita finalean ere: Jamaikako Shelly-Ann Fraser-Pryce eta Elaine Thompson-Herah, Boli Kostako Marie-Josee Ta Lou eta Trinidad eta Tobagoko Michelle-Lee Ahye. Lau horiei beste jamaikar bat batuko zaie ia ziur: Shericka Jackson.

Thompson-Herahk eta Fraser-Prycek irabazi dituzte azken hiru urreak: lehenak, Rion, eta bigarrenak, Pekinen (2008an) eta Londresen (2012an). Fraser-Prycek balentria egin dezake. Irabaziko balu, lehen emakumezko atleta litzateke banakako proba berean hirutan gailentzen. Eskura du, 34 urterekin eta ama izan eta lau urtera, inoiz baino azkarrago ari baita korri egiten: 10,63. 33 urte dira inork ez zuela horren azkar korri egin. Florence Griffith-Joyner zena izan zen azkena, 1988ko Seulgo Jokoetan: 10,62. Bi hilabete lehenago egin zuen munduko marka (10,49); indarrean dago oraindik.

«Oso gustura ari naiz korrika, eta oso pozik nago, atleta asko ere oso azkar ari baitira», esan du Fraser-Prycek. Halaxe da: beste hiru atleta jaitsi dira 10,80tik: Thompson (10,71), Jackson (10,77) eta Ta Lou (10,78). Inoiz ez zen halakorik gertatu. Ziztu bizian aritu zen Sha'Carri Richardson (10,72) ere, baina estatubatuarrak positibo eman zuen kalamuan. Hura gabe, AEBek ezer gutxi dute egiteko. Ez dirudi Teahana Danielsek, Jenna Prandinik eta Javianne Oliverrek ezustekoa emango dutenik.

Fraser-Prycek bezala, Ta Louk ere handia egin dezake. Izan ere, inoiz ez du Afrikako atleta batek irabazi. Erne harekin, atzo azkarrena izan baitzen lehen kanporaketetan: 10,78 egin zuen kontrako haizearekin.

Bromell, sasoi betean

Bolten faltan, aspaldikoz, hautagai bat baino gehiago dago gizonezkoetan. Hiruzpalau daude podiumeko koska gorenera igotzeko aukerarekin. Sasoi honetan egindako markak kontuan hartuta, Trayvon Bromell estatubatuarra da faboritoa. Inork ez du hark baino azkarrago korri egin: 9,77 (zazpigarren marka da inoizko onenen artean). Bolten oso bestelako atleta da: garaia eta mehea zen jamaikarra (1,95 metro), eta txikia eta trinkoa estatubatuarra (1,72 metro). Bigarren Jokoak ditu. Riokoetan (Brasil) aritu zen, baina oso oroitzapen txarra du: 100 metrokoan, azkena izan zen finalean, eta 4x100 metroko txandakakoan orpazurda hautsi zuen, eta gurpil aulki batean utzi behar izan zuen estadioa. Horrek jota utzi zuen: «2018an ez nuen bizitzeko arrazoirik topatzen», aitortu du. Baina suspertu egin da, eta arantza kentzeko aukera aproposa du. Oso erregular ari da: azken hamasei lasterketetatik bakarra ez du irabazi, eta hamarretan jaitsi da hamar segundoetatik.

Erne ibili beharko du, ordea. Ezustekoa emateko prest eta moduan daude Akabi Simbane hegoafrikarra (9,84 du markarik onena) eta Ronnie Baker (9,85) eta Fred Kerley herrikideak (9,86). Simbanek historia egin dezake. Izan ere, duela 113 urte irabazi zuen azkenekoz Afrikako atleta batek. Haren herrikide bat izan zen, Reggier Walker, 1908ko Londresko Olinpiar Jokoetan. Baker, berriz, gai izan da Bromelli bizkarra erakusteko. Koska bat beherago daude Andre De Grasse kanadarra, Yohan Blake jamaikarra eta Ryota Yamagata japoniarra, besteak beste. Guztiak gaur hasiko dira lehian, lehen kanporaketetan, 04:35ean Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.