Koronabirusa. Eragina ekonomian

«Segurtasuna axola bazaizu, sartu lantegira!»

Oinarrizko zerbitzuetarako ez den produkzioa eteteko eta segurtasun eta babes neurri hobeak ezartzeko eskatu dute langileek 'Haserre egunean'

Sidenorreko langileak protestan, ertzain baten aurrean, sindikatuek atzo deitutako mobilizazioetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo-Basauri
2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Haserre eguna deitua zegoen atzoko, eta Sidenorreko langile beteranoak modu argian bilakatu zuen hitz amorru hori: «Segurtasuna hainbeste axola bazaizu, sartu fabrikara, eta ikusi nola ari garen». Basauriko (Bizkaia) altzairutegiaren sarreran sindikatuek deituriko elkarretaratzean parte hartzen ari zen 60 urte inguruko langile bat izan zen, eta hura desegiteko bertaratu ziren ertzainetako bati mintzatu zitzaion. Salatzen ari ziren Sidenorreko zuzendaritza koronabirusa ez kutsatzeko hartzen ari den neurriak ez direla nahikoa, eta beraiekin sar zitezela eta beren begiekin ikus zezatela eskatu zieten agenteei. «Hemen 700 kutsatu gehiago egon ez daitezen ari gara protestatzen. Guk ere etxean egon beharko genuke, itxialdian, guztion segurtasunerako». Sidenorrekoa gehiengo sindikalak Hego Euskal Herriko zenbait lantokitan deituriko protestaldien lagin bat da, jardun produktibo batzuk gelditzeko eskatu, eta beste batzuetan segurtasun neurri zorrotzagoak behar direla salatzeko.

Ertzainen eta langileen arteko tentsio unea ez zen urrunago iritsi. Salaketa, isun eta antzekorik gabe amaitu zen, baina poliziek ez zuten onartulangileen gonbidapena. Iragan astean, Mercedesek Gasteizen duen lantokian sartu ziren; atzo, aldiz, ez, eta langileak bakarrik itzuli ziren euren postuetara, are haserreago. «Alerta egoera hasi zenean, langile batzordeak jarduna etetea erabaki genuen, berehalako arriskua zegoela ikusita. Lan arriskuak kontrolatzeko legearen 21. artikuluaren babesean. Bi txanda eten genituen. Lan ikuskaritzara bidali genuen eskaera, eta ez dira etorri ere egin! Ikuskaritzak enpresarekin hitz egin zuen, eta lan egin daitekeela ebatzi zuen, fabrikan sartu ere egin gabe». Salaketa Iñigo Ortizena da, enpresako langile batzordeko presidentearena.

«Langileak haserre daude, erreta. Kutsatzeko arriskua dute egunero, eta hemendik etxera itzultzen dira. Askok arrisku egoeran dauden senideak dituzte. Zortzi ordu lanean eta gero hamasei itxialdian? Nola uler daiteke?». Batzordeak salatu zuenez, «ezinezkoa da» Sidenorren kutsatze arriskua kontrolatzea. Batzordearen arabera, jardunean zaila da metro eta erdiko tartea uztea beharginen artean, hala lantokian nola aldageletan. Aldagelak egunean behin desinfektatzen dituzte, hiru lan txanda diren arren; langileen esku jarritako desinfekzio produktuak ez dira eraginkorrak; maskarak duela hiru egun jaso zituzten… Eta hori lantaldeko 700 langileekin, mantenuko asko azpikontratatuak baitaude eta ez baitakite zer neurri dituzten. Horiek 500 inguru dira.

Langileak «urduri» daude; egoera ez da arrunta, eta azken hamar egunetan bi istripu larri egon dira altzairutegian. Makina batek besoa harrapatu zion bati, eta garabi batek langile azpikontratatu bat jo zuen. Horrez gain, batzordeak ez du ulertzen nola ari diren hainbeste maskara eta babes jantzi erabiltzen ospitale eta egoitzetan haien gabezia larria salatzen ari diren honetan. «Produkzioa gelditzea eskatzen dugu. Ezin daiteke egon osasunaren aurretik».

«Antsietateak jota»

Sektore ezberdinetako langileek salatu zituzten baldintzak atzoko mobilizazioetan: ospitaleetakoek, anbulantzietakoek, egoitzetakoek… eta merkatu kateetakoek. Oinarrizko zerbitzua direnez, ezin dituzte ateak itxi. Bilbon, DIA kateko langile batzordeak eman zuen euren egoeraren berri. Azken egunetan jo eta su ari dira, eta lantaldea txiki geratu zaie. «Egunero jasotzen ditugu lankideen deiak. Antsietateak jota dabiltza asko, urduri… Gogorra da. Iragan larunbatean, Zorrotzan, hiru langile ezin izan ziren joan dendara, botaka ari ziren, sukarrarekin... Beste batzuk itxialdian daude osasun arrazoiengatik, eta hutsune horiek ez dira ordezkatzen. Aurretik langile gutxi gaudela salatu izan dugu, eta, orain, hau. Eta lanik ez zaigu falta. Dendak ordu gutxiago daude irekita, baina gure lanaldiak aurreko berberak dira, barruan aritzen gara».

Merkatuan metro eta erdiko tartea gordetzea ia ezinezkoa da: kobratzeko garaian, apalak berriz betetzean… «Une oro gaude gertuago; gure aurretik bezero asko pasatzen dira egunero, eta ez dugu babes neurririk. Lehen egunetako uholdean babesik gabe aritu ginen. Gero, eskularruak eta garbitzeko gelak ekarri zituzten, eta orain maskarak eta plastikozko babesak hitzeman dizkigute. Ikusi beharko... Pauso bakoitza borrokatu egin behar izan dugu». Banatzaileek ere ez dituzte babes neurriak hartzen, eta haiek batetik bestera ibiltzen dira. Bezeroen aldetik jarrera ona sumatu dute oro har, baina batek edo bestek txarrera hartu du plastikozko eskularruak jartzeko agindua.

Langileek salatu zutenez —gehienak emakumezkoak dira—, «urteak dira» enpresan osasun arazoentzako prebentzio sistemarik ez dagoela, eta, krisi honetan dendak desinfektatzeko eskatu dutenean, erantzun bera jaso dute bulego nagusitik: «Langileren bat koronabirusak jota egon ezean ez dutela desinfektatuko esaten digute. Garbiketa arrunta baino ez. Hainbat etxean daudela jakinarazi diegu, eta, hala ere, ezer ez». Atzoko eguna amorru esaldi batekin laburbildu zuten: «Egun hauetan, gure etsaia ez da birusa, enpresa baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.