Albistea entzun

ZUZENDARIEN GALEUSCA

Ate bat itxaropenari

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2023ko otsailak 5

Luxenburgoko auzitegiak —Europako Batasuneko Justizia Auzitegia du izen ofiziala— epaitegi batek zor digun lan nagusietako bat egin du: egoera argitzea. Espainiako Auzitegi Goreneko instrukzio magistratu Pablo Llarenak egindako galderari erantzunez argitu digu zeintzuk diren Europako herrialde batek beste bati euroagindua ukatzeko bete behar diren baldintzak. Ez da gutxi, arauak argi daudenean errazagoa delako jakitea zer gertatuko den, eta gertatuko den horrek zer ondorio eduki ditzakeen igartzea.

Europako Batasuneko magistratuek esan diote Belgikako justiziari bi kasutan bakarrik egin diezaioketela uko Goreneko magistratuaren eskaerari: Espainiako justiziak oinarrizko eskubideak urratzea, eta epaiketa egin duen auzitegiak ez edukitzea epaiketa hori egiteko eskumena. Lehen puntua lotuta dago justiziaren kalitaterik ezarekin, partzialtasunarekin, berme faltarekin eta funtzionamendu txar sistemikoarekin.

Lehen puntu hori da interesgarriena Kataluniako prozesuagatik Belgikan daudenen kasuan, Europako magistratuek ate bat zabaldu diote euroagindua ez onartzeko aukerari, azpimarratu baitute auzia erraz identifika litekeen talde baten aurkako auzia bada orduan herrialde bateko justiziak —Belgikakoak katalanen auzian— uko egin diezaiokeela euroagindua onartzeari.

Orain falta da jakitea nola interpretatuko duen Belgikako justiziak lehen puntu hori, alegia, ihes egindako buruzagiak bere eskubideak urratuta dauzkan talde bateko kidetzat hartuko ote dituen.

Horrela dela esateko arrazoi asko erakutsi zituen Espainiako PPren gobernuak eta Espainiako Justiziak. Gogoratu besterik ez dago urriaren 1ean botoa ematera modu baketsuan joan ziren herritarrak nola jipoitu zituzten poliziek, eta zer kondena ezarri zieten erreferenduma antolatzea leporatu zieten politikari independentziazaleei. Hori baino argudio sendoagorik, nekez.

Ematen du auziak bide luzea edukiko duela oraindik epaitegietan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.