martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Polizia eta politikariak

2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Sinesten ote dio bere buruari Barne ministro batek esaten duenean—gaur kazetariei, eta bihar parlamentariei— estatuko zerbitzu sekretuek beti legearen barruan egiten dutela lan, eta egiten duten guztia beti haien lan bereziak kontrolatzeko ardura daukaten magistratuen baimenarekin baino ez dutela egiten? Aspaldieman zion gomendio hau, sententzia bat ere bada, politikari batek lagun ministroari: «Bildu itzazu onenak zure ondora, baina zelatatu itzazu gaizkilerik handienak balira bezala».Alegia, goi ardura horietan ez dela komeni inorekin fidatzea.

Esaldi horrek askoz indar handiagoa hartzen du poliziez eta zerbitzu sekretuez ari garenean, aurrena gezurra esaten diotena arduraduna bera baita. Zenbat aldiz ez ote ditugu ikusi polizien arduradun politikoak bere ardurapekoek egindako urraketak zuritzen, denon begi-bistakoa dena ukatzen, eta batere sinesgarritasunik gabe adierazita? Soldatan doakie beraiek ere sinesten ez dutena zuritzea.

«Hemen horrela egiten da lan» esaten omen zioten Espainiako poliziek kargua hartu berria zeukan politikariari, «eta emaitzak nahi badituzu, hau da biderik azkarrena eta eraginkorrena». Torturaz ari ziren.

Okerrena da barneratu egin dugula, inokulatu egin digute horrela izan behar duela eta beti horrela izango dela, edozein joeratakoak direla ere gobernuetan daudenak. Arazo horri irtenbidea bilatzeko aukeraz eztabaidatzen denean, beti esaten da ahalegina egin behar dela polizien giza eskubideen alorreko formazioan. Politikari batzuek nola jokatzen duten ikusita, nago ni inbertsio nagusia polizia horien agintari politikoen formazioan egin behar dela.

Kataluniako ezkerreko bigarren hiruko gobernua (PSC, ERC eta Iniciativa Verds) 2006an abiatu zen, eta Iniciativako Joan Saura ezkertiarra izendatu zuten Barne kontseilari. Handik gutxira kalean topo egin, eta galdetu nion zergatik hartu zuten ardura zail hori, eta horrela erantzun zidan: «Frogatu behar dugu ezkerrekoek badakigula polizia beste era batera kudeatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.