Durangoko 56. Azoka

Atea parez pare ireki gabe

Martxan da denda digitala, eta gaur irekiko ditu ateak Durangoko Azokak bisitarientzat. Aurrez ezarritako neurriei eutsiko die Gerediagak, baina baliteke hurrengo egunetan gehiago etortzea

Argitaletxeetako langileak, atzo, Durangoko Azokako Landako gunean erakusmahaiak atontzen, gaur bisitariak hartzeko. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
«Hor, Euskal matxinada hor, utzi hor». Kontraste eguna izan zen atzokoa Durangon (Bizkaia). Alde batetik, kulturgintzaren alderik fisikoena erakusten zuen Landako guneak eguerdian, altxatu, mugitu, pilatu eta, behin hustutakoan, nonbait gorde beharreko ehunka liburu eta disko kutxarekin eta jasogailuen jende arteko etengabeko joan etorriarekin; beste aldetik, Euskal Herriko txokoren batean, norbait, pantaila aurrean, Durangoko Azokaren denda digitala arakatu eta urteak utzitako guztiaren artean zer erosiko erabakitzen zuen bitartean. «Hasi baino ez gara egin, eta ja izerditan nago!». Gerediaga elkarteak atzo jarri zuen martxan aurtengo denda digitala, eta gauean bildu zituen egunean zehar pilatuz joandako eskariak, baina, prestaketa eguna ere izan zen atzokoa argitaletxeentzat, iazko azoka erabat digitalaren ostean gaur berriz ere bisitariei aurrez aurreko harrera egin ahal izateko.

Umoretsuago batzuk —«Hau jadanik ezin da bertan behera geratu»—, eszeptiko beste batzuk,—«ea ez dugun berriz bildu behar gero, orain ateratzen ari garena!»—,eta sinesgogorrago bestetzuk —«Benetan gerta daiteke hau bertan behera geratzea?»—, baina gehienek zuten burutan Eusko Jaurlaritzak osasun egoerari aurre egiteko arratsalderako iragarritako neurri sorta berria. Eta, azkenean, bai, baina ez. Kontzertu aretoetan COVID-19 ziurtagiria eskatzeko betebeharra ezarri dute osasun agintariek, adibidez, baina ez dago argi noraino eragiten dien horrek azokan antolatutako ekitaldiei.

Denda goizetik martxan

Bestela ere, aurrez ordua hartuta, gehienez ere, txanda bakoitzean 1.200 bisitari hartuko ditu Landako guneak, gaurtik hasi eta ostegunera bitarte. Eta beharrezkoa izango da sarrera Ahotsenea guneak Plateruena kafe antzokian antolatutako kontzertuetarako ere. Maskara beharrezkoa izango da, hala barruan nola Landakora sartzeko ilara egiterakoan ere.

Azoka hasi aurretik ere Gerediaga elkarteko ordezkariek azaldua zuten prest zeudela agintariek ezarritako neurri berrietara egokitzeko. Eta prest dira oraindik ere. Litekeena da, beraz, agintariek beharrezkotzat joz gero ziurtagiria eskatzen hastea ere.

Begi bat Landakon eta beste begia pantailari begira zebilen atzo eguerdian Esther Garcia Urien Epi Gerediaga elkarteko kidea. Erakustazoka erdian,anabasak inguratuta egiten zien harrera saltzaile, editore eta kazetariei, baina adi erreparatzen zion denda digitalaren jardunari ere. «Zabaldutakoan momentuan hasi dira erosketak webgunean, eta badirudi dezenteko mugimendua dagoela».

«Hura izan zen... ufala». Iazko azokaren hasiera izan zuen gogoan atzo. Denda digitala baino ez zuten antolatu iaz, eta webgunea martxan jarri eta berehala erori zen zerbitzaria. Lehen erosketa bideratu berri-berritan. Eta tentsio eta isiltasun harekin alderatuta, bizia eta zaratatsua zen atzoko joan-etorria. «Gaur [atzo] dena antolatzeko eguna izaten da argitaletxeentzat, baina gu asteazkenean hasi ginen webguneko gauza guztiak prestatzen». Eusko Jaurlaritzak zer erabakiko zegoen bera ere. «Edozer esaten dutela ere, dendak martxan jarraituko du».

Topaketa profesionalak ere antolatu dituzte aurten Gerediaga elkartekoek. Asteazkenean egin zuten lehena, eta Zugaza zineman mahai ingurua antolatu zuten atzo, literatur lan batek pantailetaraino iristeko egin beharreko bideari buruz. Etaezin bihurgunetsuago irudikatu zuten prozesu hori, bakoitzak bere txandan, Unai Elorriaga idazleak, Joanes Urkixo idazle eta gidoigileak, Aizpea Goenaga aktore, gidoigileeta zinema zuzendariak eta Ander Barinaga Errementeria Galapan ekoiztetxeko ekoizleak.

Bide bihurgunetsua

SP-rako tranbia argitaratu berritan jaso zuen Elorriagak, esaterako, Aitzol Aramaio zinemagilearen deia, baina, atzo onartu zuenez, bost urte behar izan zituen proiektuak pantailetara iristeko. Eta bidean hamaika kontzesio eta egokitzapen egin behar izan zituztela esan zuen idazleak, eta hala heldu zen, titulua ere moldatuta: Un poco de chocolate. Elorriaga: «Ahalegina eginda ere, nik badakit, eta berak ere bazekien, ez zuen lortu liburuaren espiritua harrapatzea, edo lortu zuen zenbait sekuentziatan».

Antzeko traba lasterketak deskribatu zituzten beste hizlariek ere. Proiektu asko kaxoian gelditu ohi direla esan zuten Urkixok eta Goenagak, adibidez. Eta Barinagak diziplinak propio duen talde lanaren beharrarekin azaldu zituen beste hizlariek deskribatutako tentsio uneetako batzuk: «Idaztea izan daiteke prozesu oso pertsonala, baina, pelikula bat egiteko, hor sartzen da gidoigilea, ekoizlea, zuzendaria... Faktore asko daude, eta horrek baldintzatzen du proiektua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.