Albistea entzun

ZUZENDARIEN GALEUSCA

Euskalduntze sendoaren beharra

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2022ko apirilak 10

Gaur bukatuko da Donostian irudimena + euskara konbinazioaren emaitzarik biribilenetako bat, gure herritik kanpoko askori —gure herriko zenbaiti ere bai, aitortu dezagun— ulertzea zail egiten zaiena: dirua ordaintzea korrika egiteagatik. 1980an egin zen aurreneko saioa, Korrika esaten diogu, eta helduen euskalduntzea eta alfabetatzea zeregina daukan AEK erakundeak antolatzen du, milaka euskaltzaleren babesarekin. 2.500 kilometro gelditu gabe 11 egunez, baita Siberiakoa ematen zuen eguraldia egin duen egunetan ere. Mundu osoko 45 hiritan ere egiten dute.

Aurtengoa 22. aldia da, eta historia luzean denetarik ezagutu du: partaide askorik ez lehen edizioan, etengabeko hazkundea hurrengoetan, boikot instituzionala (iraganaren azterketaz horrenbeste hitz egiten den garaiotan komeni da gogoratzea), eta, azken urteotan, hartarainoko hazkundea eta arrakasta non oso zaila den aurkako jarrera edukitzea.

Esportatutako produktua da Korrika: Currilingua Korsikan, La Passem Okzitanian, Correlengua Galizian, Correllengua Katalunian, Alsazian ere bai... Denetan, helburu nagusia hizkuntza indartzea eta zabaltzea, ezagutza eta erabilera. Mantso doa gure herrian helduen euskara berreskurapena, erakunde publikoek hizkuntza politikak abiatu eta 40 urtera. Badoa, baina duela lau hamarkada irudikatzen genuena baino motelago. Ikasi nahi duen helduari zerbitzua ematen zaio, laguntzak ere bai kasu askotan, nahiz oraindik erabateko doakotasuna bermatu gabe dagoen. Baina ez dago kanpaina sendorik, indartsurik, herritar helduak orain arte baino dezente kopuru handiagoetan euskaltegietara eramango dituenik.

Erraza ez dela onartuta, batzuek eta besteek egiten duten ahalegina aitortuta, ez dago erakundeen lehentasunetan, ez da programatzen euskalduntze sendoa eta bizkorra, urte gutxian euskaldunen ehunekoa irauliko duena. Gaur egun euskara ikasten ari diren helduak bakarrik daude euskara ikasteko prest? Zenbat daude aldeko giroa sortuz gero animatuko liratekeenak?

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Gaiak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...