martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Erabakia bera, ondorioak ez

2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Gogorra da ikustea zertan geratu diren, zein gaizki geratu diren, FARC gerrilla kolonbiarraren kide ohiak, kide ohiak eta horietatik Comunes alderdia sortu dutenak, haien erakunde militarra mende erdia baino denbora gehiagoz borrokan ibili eta gero. Presio gaitasun handia edukitzera iritsi ziren, Kolonbiako gobernu bat baino gehiago erortzeko arriskuan jarri zuten, eta herrialdearen zati handi bat, oihaneko lurraldeak batik bat, haien mende egon zen urteetan. Herritarren alde ari zirelakoan, gerrilla desegin eta batere babes sozialik gabe geratu dira.

Kolonbiako Gobernuak, Ivan Duque presidenteak hala erabakita, ez ditu bete 2016ko Bake Akordioan sinatutako puntuetako asko. Horien artean, gerrillari desmilitarizatuei bizitza zibilerako bidea bermatzea, alegia, inguru egonkor bat, bizilekua, heziketa, ekonomia produktiboaren sarean sartzea... Hori guztia, eta gehiago, agindu zieten FARCeko kideei.

Premiazkoa da Kolonbiako presidenteberriak, Gustavo Petrok, betetzea Habanan Kolonbiako Gobernuak eta FARCek sinatu zuten akordioaren puntuak. Horretarako mesedegarria litzateke Petrok harremanak normalizatzea Comunes alderdiko buruzagiekin. Petro M-19 gerrillako kidea izan zen 1990ean talde armatua desegin zen arte, eta horrek erraztu egin beharko luke bi aldeen arteko harremana. Ez dadila errazago gerta akordioa lortzea FARCek eskuineko gobernu batekin, gerrillari ohi bat presidente daukan gobernuarekin baino.

Sinn Fein, aitzitik, ez da gaizki geratu IRA Irlandako Armada Errepublikanoa desegin eta gero. Alderantziz, gero eta babes sozial handiagoa dauka IRAk armak utzi eta gero, eta irabazi egin ditu Ipar Irlandako Gobernua osatzeko azken hauteskundeak. Hori gutxi ez, eta Sinn Fein ez da urruti ibiliko Hego Irlandako hurrengo hauteskundeak irabaztetik.

Bide beretik, ezker abertzale hedatuaren esparrua, EH Bildu markarekin, aukera politiko nagusietako bat da Hego Euskal Herrian.

Interesgarria izango da gertutik segitzea Petroren jokabidea gerrillari ohiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.