martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Zergatik aldatu dute irizpidea?

2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Asusteritatea izan zen 2008ko krisiari irtenbidea emateko liburuan gehien erabiltzen zen kontzeptua. Aitzitik, zorpetzea hitza kontzeptu debekatuak biltzen zituen zerrendan agertzen zen, lehena. Gastu publikoaren kutxa sei giltzarrapoz itxi beharra zegoen, zorpetzea debekatuta zegoen... Eta irtenbidea? Bakoitzak berea bilatu beharra zeukan.

Egia absolutua zen, ez aldi baterako, baizik eta betiko. Beste alternatibak eta proposamenak errealitatetik kanpo bizi zen jendearenak ziren, irrealak, amets hutsak... eta behin hitz potoloak erabiltzen hasita, munduko ekonomia birrintzeko saio ezkutuekin zebiltzan deabru gorriak.

Hori izan zen herritarroi agintari ekonomikoek —agintari politiko gehienak men egitera mugatu ziren— ezarri ziguten eginbide esparrua. Erresignatu beharra zegoen. Kudeaketa eredu hark biktima ekonomiko eta sozial asko utzi zituen bazterretan, justu zebiltzanak txiro bihurtu zituen, eta aberatsak aberatsago. Gizarte talde desberdinen artean handitutako arrakalak segitzen du hamar urte pasatu eta gero.

Orain, aldiz, zein edabe hartu duten argitu ez digutela, austeritatearen defendatzailerik sutsuenak zirenek gastu publikoa handitzea babesten dute, zorpetze sabaia igotzea eta politika ekonomiko ausartak proposatzea. Gaitz erdi. Zergatik ote?

Zutabe nagusietako bat kontsumoa daukan sistema ekonomiko batek ezin du funtzionatu zutabe hori indargabetuta. Ekonomiaren biribilgune horretan, kontsumoaren autoak dauka lehentasuna beste autoen aurretik. Kontsumoak soldata behar du aurretik, eta produkzioa eta salmenta ondoren. Soldatarik gabe, ez dago kontsumorik, eta kontsumorik gabe ez dago ez produkziorik, ez banaketarik, ez salmentarik, ez zergarik, ez zerbitzu publikorik, ez ongi izaterik... Oinarrizkoa ematen du, ezta? Bada, ez zuten 2008ko krisian ikusi nahi izan, nahiz politika ekonomiko haiek kalte handia egin haien dirubideari.

Erne ibili beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.