martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Eztabaida juridiko-etikoa

2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Ez dabiltza txantxetan Frantzian, 48 orduko tartean jakin dugu etxeratze agindua ezarri zuela gobernuak hiri handietan eta Frantziako Gobernuaren Osasun ministroaren etxea miatu zuela poliziak COVID-19aren kudeaketagatik haren aurka auzitegietanjarritako salaketa batzuen harira. Salaketa horietan, oinarrian, pandemiari aurre egiteko hartutako neurriak berandu eta funts gutxirekin hartu izana leporatzen diete Olivier Veran Osasun ministroari eta Macronen gobernuko hainbat goi karguduni. Broma gutxi Frantziako togadunekin.

Espainiako Gobernuaren aurka ere jarri dituzte salaketak pandemiak hildako batzuen senideek, baina orain arte jakin dugunagatik ez du ematen salaketa horiek bide luzea egingo dutenik. Nik dakidala, Hego Euskal Herriko bi gobernuen aurkako salaketarik ez da jarri egin duten kudeaketagatik —ez naiz ideiak ematen ari—, baina jakin nahiko nuke gustura, Maria eta Vicent, zuen nazioetan inork eraman ote dituen zuen gobernuak auzitara arrazoi hori dela medio.

Oso eztabaida juridiko-etiko interesgarria begitantzen zait haien gobernuen erabakiei okerrak direla, mamian edota denboran, irizten dieten herritarrek zenbaterainoko eskubidea daukaten auzitara jotzeko, non eta arduradunen arduragabekeria oso ageriko eta borondatezkoa ez den. Ez diet nik horretarako eskubiderik ukatuko, horregatik diot interes piztailea dela eztabaida, eta mintzaldi luze eta patxadatsua merezi duela erabakiak. Betiere onartuta erabaki oker horien biktimak ez direla hitz eta pitz jarduteko gogo handiarekin egongo. Horiek erantzunak nahi dituzte, ez saloiko eztabaidak.

Zenbat bider ikusi ditugu Espainian indarrean dagoen ministro baten etxean poliziak sartzen? Inozentea izateko asmorik gabe, badirudi Frantzian, kasu batzuetan behintzat, oraindik gogoratzen direla Montesquieuren botere banaketaren teoriarekin. Gu menpe gauzkan estaturaino ez dira aire horiek iritsi, aurki Galiziako 12 independentistak Auzitegi Nazionalean pairatuko dutenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.