martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Independentziazalea eta etsaia

2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Izan liteke Espainian alderdi bat independentziazalea Kataluniakoa, Galiziakoa, Euskal Herrikoa, Kanaria uharteetakoa... etsaia izan gabe, edo bereizi nahi duelako egon behar du beti susmopean, alegia, zerbitzu sekretuek zelatatutako etsaien artean?

Espainiako zerbitzu sekretuen jarduna, hau da, CNIrena, arautzen duen legeak argi uzten du zein den bere egiteko nagusietako bat: «Espainiaren lurralde batasunaren aurkako edozein mehatxu aurreikusi eta saihestea». Definizioz, alderdi independentziazaleen jarduna arrakastatsua bada, hautsi egingo da edozein estaturen batasuna. Horrela gertatu zen Jugoslavian Esloveniarekin, Kroaziarekin... eta antzekoa jazoko zatekeen 1995ean Kanadan Quebecekin eta 2014an Erresuma Batuan Eskoziarekin, bi kasu horietan egindako erreferendumetan independentziazaleek irabazi balute.

Pegasus espioitza programaren erabilera justifikatu du asteon Espainiako Defentsa ministro Margarita Roblesek: «Zer egin behar du gobernu batek norbaitek konstituzioa urratzen duenean? Norbaitek independentzia deklaratzen duenean?». Beraz, gezurra da helburu politiko guztiak lor daitezkeela indarkeria erabili gabe egiten bada. Bagenekien, baina eskertzekoa da argi adieraztea.

Baina badaude galdera gehiago auzi honetan. Esate baterako, zer egin behar du sistema politiko arduratsu batean zerbitzu sekretuen arduradun politikoak, baldin eta zerbitzu horiek alderdi politikoak zelatatzen harrapatzen badituzte? Arduradun politiko horrek jakin edo ez zertan aritu diren bere mendekoak. Are gehiago baldin bazekien, baina, ez jakinda ere, zerbitzu sekretuek egiten duten guztiaren arduradun politikoa Robles baita. Zer edo zertarako asmatu zuten legelariek in vigilando espresioa. Hau da, ministroaren ardura da bere mendekoak kontrolatzaileak kontrolatzea.

Estatu politiketan gertatzen denez, kasu honetan ere Alderdi Popularrak ez dio gatzik botako Pedro Sanchez presidentearen zauriari. Bi alderdiek daukate zer ezkutatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.