martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Euskalduna izateko moduak

2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Hemen uda ohi baino lehenago hasi da aurten, ez uda meteorologikoa bakarrik, baita mediatikoa ere. Ezagunak dira udako sugeak gure lanbidean, alegia, ezer garrantzitsurik ez dagoenean komunikabideak betetzeko erabiltzen diren eztabaida hutsalak. Euskaldun izateko moduaz sortutako polemika izan da aurtengo sugea aurreratu duena. Argi diezaiedan, Maria eta Vicent, zuen irakurleei, gure hizkuntzan euskaldun eta euskal herritar hitzak dauzkagula, katalanez basc eta galegoz vasco esaten duzuena adierazteko. Euskaraz dakienari euskaldun esaten diogu, eta euskal herritar gure herrian bizi direnei, euskaraz jakin edo ez. Lehena oso lotuta dago hizkuntzaren ezagutzarekin, eta herritartasunarekin bigarrena. Lan pixka bat ematen digute bi termino horiek, baina kontsentsu zabala lortu da azken hamarkadetan, erabileraz.

Kontua da duela gutxi EAJko buruzagiJoseba Egibarrek esan duela euskara dela euskaldun egiten gaituena, euskaraz esan ere. Bere alderdiak gaztelaniarako itzulpenean «el euskara nos hace vascos» idatzi zuen, eta akats horrek sortu zuen eztabaida euskalduna/euskal herritarra izateko nolakotasunaz. Interesgarria eztabaida.

Ez dago dudarik modu asko daudela, zorionez, eskoziarra, irlandarra, katalana, galegoa, espainiarra, frantziarra... izateko. Irlandera jakin gabe izan zaitezke irlandarra, eta eskoziarra gaelikoa jakin gabe. Izatez, gehiengo handi batek ez daki gaelikoa Eskozian, eta inork ez die eskoziartasunik ukatuko. Baina espainiarra gaztelania jakin gabe? Zer eztabaida edukiko lukete herritar ofizialen %30ek ez balekite gaztelaniaz hitz egiten? Ez lukete ezer esango, ez lukete kezkarik eta kexurik agertuko?

Kataluniako prozesuan ikasi genuen garrantzitsuena ez dela herritarrak nondik datozen, nora joan nahi duten baino.

Zorionak, Vicent eta Vilaweb-eko lankideak, zuen 25. urteurrenaren 27. urtean. Beste horrenbeste urte bete ditzazuela katalan katalandunei kalitatezko zerbitzu modernoa eskaintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.