martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Gipuzkoako laborategia

2023ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Tokian tokiko hauteskunde gehienen ondoren gertatzen den bezala, ez gara kazetariok aspertuko hurrengo asteotan. Ez gure herrian, ezta Galizian eta Katalunian ere, hauteskundeek eman dituzten emaitzek jokaleku interesgarria utzi dutelako.

Gurean gertatu dena esaldi honek labur lezake: «EAJk behera egin du modu kezkagarrian, eta EH Bilduk gora egin du modu nabarmenean». Bizkaian eta Bilbon, kuota galdu arren, EAJk lortu du boto gehien. Gasteizen, EH Bilduk irabazi du, eta EAJ laugarrena geratu da, PSEren eta PPren atzetik.

Nafarroan, Maria Txibite sozialista izango da lehendakaria EH Bilduren babesarekin, nahiz eta, egoera asko aldatzen ez bada, haren alderdiak eragotzi irabaztetik oso gertu geratu zen Joseba Asiron EH Bildukoa Iruñeko alkate izatea.

Igandeko emaitzek laborategi politiko bat eraiki dute datozen egunetarako Gipuzkoan. EH Bilduko Maddalen Iriartek irabazi egin zizkion Batzar Nagusietako hauteskundeak ia beti herrialde horretan nagusi izan den EAJri. Herrialdeko parlamentuak 51 eserleku dauzka, eta diputatu nagusia aukeratzen du. EH Bilduk 22 eserleku lortu zituen, EAJk 17, PSEk 7, PPk 3 eta Elkarrekin Podemosek 2.

EAJren eta PSEren baturari, 24, bi falta zaizkio gehiengora iristeko. EAJk eta PSEk eserlekuen erdiak galdu dituen Elkarrekin Podemosekin itxi beharko lukete tratua 26ra iristeko, edo PPrekin, 27 eskuratzeko. Politikoki, erosoagoa izango da Elkarrekin Podemosekin egitea, PPren babesa saihestuta. Baina moratuek ezezkoa ematen badiete, PPrenak beharko dituzte. Horrek daukan esanahiarekin: hauteskundeak irabazi ez, eta PPren babesarekin hartu lehendakaritza.

Bartzelonako egoera ere, Vicent, oso animatuta dago kanpotik begiratuta. Xabier Trias Juntsekoak irabazi zuen igandean, baina, emaitza txarrak eduki arren, ERCk izan lezake giltza. Santiagon, Maria, BNG bigarrena geratu zen, eta akordioa egin lezake sozialistekin eta Compostela Abertarekin, PPri, irabazi zuenari, alkatetza eragozteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.