HILBERRIA. Omero Antonutti

Talentu eklektikoa

Ainhoa Sarasola.
2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Aurpegia ez ezik, ahotsa zuen jendartean ezaguna Omero Antonuttik (Basiliano, Udine, Italia, 1935). Ibilbide luzea egin zuen zinemako eta antzerkiko aktore gisa, baina baita bikoizle lanetan ere. Italiako eszena artistikoaren figura eklektikoenetako bat izan zena atzo zendu zen, 84 urterekin, Udineko erietxe batean, aspalditik zuen tumore baten konplikazioen eraginez.

Triesten ikasketak osatu, eta antzerkian jardun zuen hainbat urtez. Zineman, berriz, 1966. urtean egin zuen debuta, Le piacevoli notti filmean rol txiki bat jokatuz —Vittorio Gassman eta Gina Lollobrigidaren alboan aritu zen—. Sona ekarri zion rola, baina, Paolo eta Vittorio Taviani anaiek eskaini zioten, Padre padrone filmean (1977). Bi zinemagileen beste hainbat lanetan parte hartu zuen gero: besteak beste, La notte di San Lorenzo (1982) eta Kaos (1984) filmetan. Urte haietan pelikulak eta antzerki obrak tartekatzen jarraitu zuen, baita telebistarako lanak ere.

Italiatik kanpo jarduteko aukera ere iritsi zitzaion gero. Lehena, Victor Erize euskal zuzendariaren eskutik, El sur lanean (1983). Haren ondotik, beste bi euskal zinemagilerekin egin zuen lan: Javier Rebollo (Golfo de Vizcaya, 1985) eta Pedro Olearekin (El maestro de esgrima, 1992). Baita Carlos Saura (El Dorado, 1988) eta Jaime de Arminanekin (14, Fabian Road, 2008) ere, besteak beste.

Bikoizketari dagokionez, Tim Burtonen Sleepy Hollow filmean (1999) Christopher Leeri jarri zion ahotsa, eta The Lord of the Rings zein Star Wars sagetan ere aritu zen. Roberto Benigniren La vita è bella (1997) filmeko narratzaile izan zelako izango dute haren ahotsa gogoan beste hainbatek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.