Donostiako 69. Zinemaldia. Sail ofiziala. KRITIKA

Pertsonala po(li)etikoa da

Mikel Zumeta.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
'Arthur Rambo'

Zuzendaria: Laurent Cantet. Herrialdea: Frantzia.Iraupena: 87 minutu..

Eskala soziala labirintoa da, eskailera luzea, igo ala jaisteko diseinatutako tramankulua, non igoera beti jaitsiera baino zailagoa izango den. Hau izango da Karim D-ri gertatuko zaiona Canteten azken filmean. Gertakari errealetan oinarritutako istorioa hartuko du zuzendariak abiapuntutzat oraingoan. Karim, Banlieue-aren semea, Pariseko hiri-inguruko auzo marginaletako batean jaiotakoa eta hazitakoa da. Jatorri magrebtarreko semea, Frantzia beti libre, senidetsu eta berdinzaleko seme, idazle, militante konprometitua.

Karimek eskala sozialean bakarrik gutxi batzuek lortzen duten mailara igotzea lortu du. Idazle ospetsuaren laudorioa eskuratu, eta ospea, estatusa, elitea hatz muturrekin ukitzea eskaini zaio. Karim, idazlea, pertsona arrazializatua, auzo gatazkatsuetako semea, kultua, zintzoa, eredugarria. Diskurtso batean distiratsuki eragin daitekeen harrotasun zuriaren isla.

Baina hau guztia gertatu bezain laster, sare sozialak agertuko dira. Arthur Rambo —poeta frantsesaren eta akziozko filmetako pertsonaiaren izenaz baliaturik— Karimen profil kritiko/satiriko ezkutua zabalduko da, mediatizatu. Jausialdia luzea izango da; izugarria bizkarra ematen diotenen zerrenda, igo behar izan dituen eskailera guztiak bestekoa, erorialdi erraldoia.

Zuzendariak modu bizkor eta arinean aurpegiratuko digu gaurkotasuna txioen erritmora: post-egiaren garaia, Internet garaiko ahanzturarako eskubidea, gutxiengoek duten zama eta ardura soziala, Frantziak sendatzen lanak dituen arrazakeria...

Txalogarria geruzaz geruza modu ezin sinpleagoan eta tolesturaz tolestura eskainiko digun erradiografia azal-anitza. Guztiok nahiko genuke Karim izan; tamalez, Arthur izaten amai dezakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.