martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Gurea bakarrik ote da?

2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Guretzat egunotako gai zentrala izan da, astelehenetik komunikabide askoren titulu nagusiak hartu dituelako, baina ezin jakin zenbat iraungo duen, alegia, zenbateko iraupen erreferentziala edukiko duen. Indar handiarekin abiatu da, denboran irauteko eta etorkizunean baliagarria izateko asmoarekin. Baina efektu hori ez dago bakarrik auzi honetan paper garrantzitsua jokatzen duen ezker abertzalearen esku, mezuaren hartzaile askotarikoek erabakiko baitute esandakoaren irismena.

Ezker independentistak Arnaldo Otegiren eta Arkaitz Rodriguezen eskutik Aieten ETAren biktimei buruz egin zuen adierazpenaz ari naiz, noski. Gai honen inguruan ezker abertzaleak aurretik esandakoekin alderatuta —denboraren laguntza garrantzitsua da—, dezente harrera hobea eduki du astelehenekoak. Esan bezala, denbora pasatu delako, koiuntura politikoa desberdina delako, belaunaldi berriak sartu direlako… Denak laguntzen du.

Duela hamar urte ETAk bortxakeria armatuari bukaera eman ziola eta, komunikabide askotako lankideekin hitz egiteko asteak izan dira hauek. Kontaktu horiek areagotu egin dira astelehenaz geroztik, erraz uler daitekeenez. Bada elkarrizketa horietan askotan atera den proposamen-kexu-galdera bat: «Noiz arte segituko duzue/dugu horretaz hitz egiten eta eztabaidatzen?». Eta zer erantzun ez dakidala geratzen naiz. Askotan pentsatu izan dut —eta horrela adierazi izan diet egunotan kazetari horiei— esaten, baloratzen, irizten, kalkulatzen... dugun hori ez ote den herritar talde txiki batzuen kezka: biolentzien biktimak, politikariak eta komunikabideak. Eta gainontzeko herritarrek, baita gure herrian egoera askoz bortitzagoa zenean ere, kanpotik bezala ez ote diguten begiratzen. Gurea eta guretzat bakarrik balitz bezala.

Edozein modutan, oso pozgarria da ikustea askoz egoera hobean gaudela denok, duela urte batzuk baino; baina presoen irtenbidean aurreratzen segitu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.