martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Zentsura mozioak alde banatan

2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Patuak hala nahi izanda, hiru zentsura mozio egin dira aste berean, biFrantzian eta bat Espainian. Frantziako Asanblea Nazionalean Elisabeth Borne lehen ministroaren aurka aurkeztutako bi mozioetatik bakarrak, LIOT talde txiki baina bizkorrak aurkeztutakoak, eduki zezakeen arrakasta. Azkenean, gutxigatik egin zuen huts: behar zituen 287 botoetatik 278 jaso zituen. Bederatzi boto falta izan zitzaizkion Frantziako Gobernua hankaz gora jartzeko.

Macronek Marine Le Peni zor dio Frantziako hauteskundeak irabazi izana 2017an eta 2022an. Le Penen aurkako botoak eraman zuen lehendakaritzara bi hauteskunde horietan, eta, 2008an konstituzioan egin zuten aldaketa murriztailearengatik ez balitz —segidan bi bider bakarrik izan daiteke lehendakari—, puska baterako lehendakaria izango litzateke. Are gehiago zentro eskuinak edo ezkerrak beste hautagai sendorik aurkitzen ez duten bitartean.

Asteko beste zentsura mozioa Madrilgo Kongresuan izan da. Estrategiako jokaldi bikaina eginda, Voxek bereganatu egin du foku informatiboa, Ramon Tamames militante historikoa jarri baitu Pedro Sanchez presidentearen ustezko alternatibatzat.

Zentsura mozioa, formalki, indarrean dagoen presidentearen aurka jartzen da, baina ez da hori izan Voxen asmoa, bai baitzekien ez zuela nahiko babes jasoko Sanchez Moncloatik ateratzeko. Ez zen hori mozioaren helburua. Voxen helburu bakarra PPko buru eta presidentegai Alberto Nuñez Feijooren aukera urratzea izan baitzen. Voxek botoak inori kentzekotan PPri kenduko dizkio, eta ez PSOEri. Ondo ulertzen da Feijooren ezerosotasuna, ogitartekoa egin baitzioten Voxen eta PSOEren artean. Inkesta ia gehienek irabazle iragartzen dute aurki egingo diren hauteskundeetan, eta zentsura mozioaren agente pasiboa izateak kalte besterik ez dio egingo.

Azken ondorioa: Tamamesen jokabideak beste behin frogatzen du politikan mugimenduak ezkerretik eskuinera izaten direla, ez alderantziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.