Donostiako 69. Zinemaldia. Perlak. KRITIKA

Fikzioaren hariak

Uxue Arzelus Lasa.
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
'Re Dai Wang Shi / Are You Lonesome Tonight?'

Zuzendaria: Wen Shipei. Herrialdea: Txina.Iraupena: 95 minutu.

Wang Xueming-ek autoarekin harrapatuta norbait hil duela uste du. Errudun sentituko da, hildakoaren alargunarengana hurbilduko da, eta bere familiari buruzko informazioa ezagutzen joango da. Baina familia-gizon arrunta zirudienak uste baino sekretu gehiago izango ditu gordeta, eta auto istripu horren atzean beste interes batzuk zeudela ohartuko da Xueming.

Wen Shipei txinatarraren lehen luzemetraia da Re Dai Wang Shi / Are You Lonesome Tonight?. Gaiari dagokionez, hiltzailearen eta alargunaren arteko harremanean zentratutako istorio baten aurrean nengoela uste nuen, apur bat ilun eta makabroa, bai, baina hor geldituko zela iruditu zitzaidan. Aldiz, Shipeik thriller tankerako istorio bat bilakatzen du filma, eta bi protagonisten arteko erlazio horretaz gain, diru mordo baten eta mafiaren erdian kokatuko du protagonista; eta orduantxe hartuko dute zentzua zuzendariaren hainbat erabakik. Izan ere, bere eskua filmaren lehen eszenatik ikusiko dugu, ez da batere sotila: argiztapen espresiboa, koloreen eta haien saturazioaren erabilera, soinuarekin egiten dituen jokoak, planoen arteko trantsizioak... denak dira oso agerikoak. Fikzio baten barruan gaude, eta fikzio horren atzeko hari bakoitza erakusten digu Shipeik. Aukera ausarta iruditu zait, eta filma bi pertsonaien arteko harremanean geldituko balitz, gehiegizkoa; baina ikuslea datorrenerako prestatzen ari dela dirudi, tentsioz beteriko ingurune ilun bat sortuz. Thrillerra iristean jada barruan gaude, oso-osorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.