Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Folk arantzatsuaren bestondoa

Crock of Gold filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Mikel Zumeta.
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Crock Of Gold:A Few Rounds With Shane MacGowan'



Zuzendaria: Julien Temple. Parte hartzaileak: Shane MacGowan, Johnny Depp, Gerry Addams, Nick Cave. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 124 minutu.

Julien Temple zuzendariak, dokumentalgintzan eta bideoklipetan eskarmentu luzea duenak, Shane MacGowan The Pogues musika talde ezaguneko abeslariaren inguruko lana aurkeztu du.

Bertan, Irlanda herrikoian jaio eta 6 urterekin gurasoekin Ingalaterra zaratatsura nola joan zen azalduko zaigu. Herriminean haziko da Shane, herri maitatuaren nostalgian, abesti herrikoi, familia bilkura, kanta, dantza eta taberna giroaren oroitzapenetan. MacGowan diaspora emozional eta fisikoan bizi da. Folkean errotu, eta punkean zailduko da.

Interesgarria da benetan MacGowanen biografia, alkohol litrotan eta litrotan beratua txikitatik. Umea zela, izebak itun zaharra irakasteko asmoz eskaintzen zizkion zigarreta eta garagardo tragoen garaitik, gaurdaino, gurpildun aulkira eta eskutik askatu ezin duen tragora.

Dokumental erakargarria da, batez ere musikariaren jarraitzaile direnentzat, gainontzekoentzat luzeegia suerta baitaiteke. Bizitza oso bat asko da, eta zuzendariak sintesirako gaitasun eta trebezia guztia jokoan jarri ditu, musikariaren bizitzaren pasarteak artxiboko irudiekin eta animazioekin lagunduz. Templeren grina agerikoa da, eta musikariarekiko miresmena ere bai, baina agian ez da nahikoa.

Halaber, interesgarria da, oso, mitoaren eraikitze prozesua. Irlandarra izatearen estereotipoaren barneraketa diasporan. Ingalaterran irlandarrekiko begirada klasistaren ondorioak. Alkoholaren kontsumoaren normaltzea bizi eredu bezala. Gai asko eta geruza ugari jaso daitezke dokumentalean, eta interesgarria deneko zalantzarik ez dut, esan bezala, baina berriro ere, zerbaitek huts egiten du. Dokumentalgintzan eta zineman argi dagoelako, zer kontatzen den baino gehiago, nola kontatzen den dela ezinbestekoa, eta nola horretan arretaz erreparatzea helburuari.

The Pogues eta MacGowan jaunaren jarraitzaile sutsuek zalantzarik gabe gozatuko duten lana da Crock of Gold. Gainerakoek, akaso, bestondo gogorragoa izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.