Literatura. 'Ekaitza urrun'

Filma behar zuen

Idazlea: Joanes Urkixo. Argitaletxea: Erein.

Joannes Jauregi -

2019ko otsailak 3
Literatura fantastikoak, genero gisa, presentzia murritza du euskaraz, eta beti da gozamena haren aztarrenik aurkitzea, ustekabean eta intertestu gisa bada ere; Joanes Urkixoren Ekaitza urrun honetan, nobelaren lehen eta azken kapituluko deskribapenak ditugu, zeinek zuzenean egiten baitiote oihartzun Patrick Rothfuss fantasia idazlearen trilogia entzutetsuko A silence of three parts atalei. Keinu polita, inondik ere, eta txukun erabilia.

Nobela 36ko gerraren atarian dago girotua, Bilbon, gerra oraindik ekaitz urrun bat delarik; istorioak aurrera egin ahala, bi protagonistak, Gabino polizia gaztea eta Wakonigg austriarra, konspirazio eta espioitza sare batean katramilatuko dira, istorio lerro banatan. Alde horretatik, Urkixoren azkenak ohiko espioi-nobela baten osagai guztiak ditu: maitasun istorio galbideratu bat, iragan ilun batek zamaturiko pertsonaiak, itzaletako hiltzaile misteriotsuak... Egileak hainbat istorio lerro edo plano bereizten ditu, eta nabariak dira haien arteko desorekak; maitasun istorioak, esaterako, protagonista nagusia ekintzara bultzatzea du xede, eta bere horretan utzia geratzen da hori gertatu orduko. Agertoki historikoak ere zama handiegia hartzen du aukeran, eta tarteka sobera erreparatzen zaio, nobelaren istorioaz beraz ahaztuta. Pertsonaiak, tramako gertakariak bezala, aski zuri-beltzekoak dira, eta apenas duten sakontasunik nahiz garapenik. Alde horretatik, nobela osoari dario halako erromantizazio gehiegizko bat, garai harenganako eta pertsonaienganako lilura xalo bat, zeinak kalte besterik ez dion egiten fikzioaren egiantzekotasunari.

Oro har, espioi istorio arrunt bat dugu hemen, nekez dena gauza generoari dagozkion klixeetatik harago egiteko, ezpada arestiko erromantizazio horren bidetik. Era berean, nago hobeto funtzionatuko zukeela film gisa, ikusita nola dagoen planteatua eta egituratua narrazioa, nola dauden ebakita eszenak, nolako erritmoan egiten duen aurrera istorioak, batik bat amaiera aldera... Uste dut begirada zinematografiko bat nobelaren formara behartzea dela eleberri honen akatsik behinena.

Halarik ere, aukera baliatu nahi nuke, nobelako pertsonaia baten aitzakian, kritika feministaren bidera lerratzeko, zilegi bazait. Izan ere, Rosa alferrik galdutako emakumezko pertsonaiaren adibide perfektua iruditzen zait: Gabinorekiko maitasun afera da nobelan duen xede bakarra, eta haren istorioa zintzilik utzia geratzen da, lehen esan bezala, Gabino bukaerako akziozko eszenara bideratu bezain laster. Areago, lasai esan liteke Rosa desira objektu hutsa dela nobelan, bai Gabinorentzat, bai Heuss antagonistarentzat, eta ez dela objektutasun negarti eta pasibo horretatik irteten. Baina ez hori bakarrik: klixe matxista horiek guztiak betetzeaz gain, esploratu gabeko bide narratibo ezinago interesgarri bat dugu pertsonaia, zeinak trama izugarri aberastu zezakeen baldin eta pertsonaia istorioaren zerbitzura pentsatu balitz, beste (gizonezko) pertsonaia baten zerbitzura bainoago. Kontua ez baita errepresentazio hutsa, emakumezko pertsonaien kuota betetzea (hemen hori ere gertatzen ez den arren): kontua da emakumezko pertsonaiak pentsatzen ikastea gizonezkoak pentsatzen ditugun bezain natural, bestela azken finean tramari, nobelari, literaturari berari egiten diogulako kalte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna