'Txikle bat marrubizkoa'

Istorio bat zuri-beltzean

Idazlea: Igor Mercado. Ilustratzailea: Alber Garcia. Argitaletxea: Erein.

2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Igor Mercadok Alber Garcia ilustratzailearekin ondu duen Txikle bat marrubizkoa albuma izan da 2022ko Peru Abarka lehiaketako irabazlea. Aurtengo edizioan hamasei obra aurkeztu dira, eta guztietarik Mercadorena goraipatu du epaimahaiak. Marrazkiz nahiz letraz, landa-eremuko herrixka aldendu eta bakartu bateangertatutakoak kontatzendizkigu istorioak. Antzinako bizi-erritmoa nagusitzen da herrian, zeinetan asteazkenek bestelako garrantzia hartzen duten. Izan ere, asteazkenez eta San Joan gauean, gainera, gertatzen dira bizi-erritmo harmoniko eta landatar hori hautsiko dituzten jazoerak.

Batez ere liburuaren alderdi grafikoak eman dit atentzioa. Hautatutako kolore-espektroak eta marrazteko teknikak letrei darien antzinatasuna iradoki didate. Zuri-beltzez eta arkatzez edo/eta ikatz ziriz marraztutako konposizioek antzinako lekukotasun piktorikoetara eraman naute, eta tonu tradizional hori istorioaren girotzearekin bete-betean ezkontzen dela iruditu zait. Garciak eraikitako paisaia kromatiko horretan, baina, kolore ilunkara horiez gain, han-hemenka eta disimuluz, kolore pastelak ere nabarmentzen dira apaingarrietan, batik bat. Ukitu sotilak izan arren, aski dira irakurlearen arreta harrapatzeko, baita testua esanahi berezituz hornitzeko ere.

Albumetan testua eta irudiak elkarren parean omen doaz, elkarri eskutik oratuta eta posizio parekidean, elkarrizketa bat eraikitzen dutela kontuan izanda. Kasu honetan, baina, indar gehienak alderdi grafikoan hustu direla iruditu zait, testuaren beraren kalterako. Sariketako epaimahaiak azpimarratu duenez, testuak hasiera on eta indartsu bat dauka, eta idazleak abileziaz girotzen du istorioa. Aurrekoaz gain, autoreak irudiak eta, are, esperientzia sentsorialak sortzeko izan duen trebetasuna goraipatu dute. Bat nator, hein handi batean, epaimahaikideekin, istorioak irakurlea hasieratik inpresionatzeko gaitasun hori baduelako, eta neuri ere, zenbait kasutan, testuak irudi zehatzak marraztu baitizkit. Ordea, iruditu zait kontakizunak hasieratik dakarren intentsitate hori ez dela guztiz garatzen obran. Halaber, liburuan narratzaileekin egiten den joko narratiboak ere ez nau gehiegi konbentzitu; lehen pertsonako narratzaileak testu barruko hartzaile bati hitz egiten dio une oro, eta bien lotura noiz agertuko egon naiz kontakizun guztian zehar. Egoera horrek intriga puntu bat ere sortu dit, bukaera heldu ahala, hustu zaidana, hain zuzen. Txekhoven antzera, edozein literatur lanetan jartzen den elementu oro erabili behar den iritzikoa naiz neu ere, eta nago obra honek ez duela guztiz asmatu diskurtso narratiboa artefaktu gisa erabiltzen.

Hala ere, mintzagai dugun albumari ez zaio meriturik kendu behar; izan ere, Peru Abarka lehiaketak oro har, baina Mercadoren lanak zehazki, haur eta gazte literaturan ohikoagoa den generoari espazio literarioak irekitzen eta beste publiko tipologia batengana heltzeko aukerak eskaintzen dizkio. Eta, aniztasun hori, apur-apurka helduentzako album ilustratuen errepertorio bat eraikitzen joatea, beti da literatur sistema batek duen osasunaren lekuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.