Sanferminetako arrantzaleak. Ekintzaileak

«Ongi ateraz gero, bagenekien argazki historikoa izanen zela»

Hamar urte bete dira arrantzale bizardunez mozorrotutako ekintzaile talde batek ikurrin erraldoi bat Iruñeko udaletxe aurrean zintzilikatu zuenetik. Txupinazo hura «pozik eta harro» gogoratzen dute.

Arrantzaleak, 2013ko txupinazoan, ikurrina jartzen. JOSU SANTESTEBAN / FOKU.
Ion Orzaiz - Iker Tubia
2023ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Eguna: 2013ko uztailaren 6a. Ordua: 12:00ak. Jendea zerura begira dago, txupinazoaren zain. Suziririk ez, ordea. Ez suziririk, ez eztandarik, ez festarik. Urte hartan, hogei minutu atzeratu zuten sanferminen hasiera, arrantzale bizardunez mozorrotutako ekintzaile talde batek ikurrin erraldoia paratu baitzuen udaletxe aurrean. Hamargarren urteurrenean, haiekin solastatu da BERRIA.

Nola gogoratzen duzue egun hura?

Harro, harropuzkeriarik gabe, baina harro. Eta pozik, oso oroitzapen on gisa. Uztailaren 6a iruindarrontzat egun berezia da, eta halako ekinaldia ongi aterata, pentsa. Azken bi hamarkadetan UPNren obsesioa izan da txupinazoan ikurrinik ez egotea, eta tamalez, oraindik ere bada. Nafar askoren ikur propioa ere baden ikurrina gorrotatzen du eskuinak, eta jazarri egiten du. Horregatik, horren modu irudi- mentsuan eta berritzailean herri borondateak irabazi izana, eta gure ikurrak txupinazoan presente egotea garaipen txiki bat izan zen, oso zapore onekoa, gainera. Egun horretan herritar askoren aurpegia ikusi besterik ez zegoen, irribarreak ikus zitezkeen une oro.

Antolaketa handia behar izan zenuten ikurrina paratzeko?

Hilabeteetakoa, eta joan-etorriez eta pasadizoz betea. Erotzeko modukoa izan zen, baina ez dugu detaile askorik eman nahi, badaezpada. Zerbaiti balioa ematekotan, herritar askoren konplizitatea azpimarratuko genuke, jendeak argi ikusten eta ulertzen baitu ikurrinaren jazarpena injustizia hutsa dela. Yolanda Barcina alkatetzara heldu zen arte, 1999an, ikurrina normal-normalegoten zen Iruñeko udaletxeko balkoian zintzilik, beste ikurrekin batera.

Espero zenuten oihartzun mediatiko hura?

Ekinaldia ongi ateraz gero, bagenekien argazkia historikoa izanen zela: ikurrin erraldoia teilatutik teilatura zintzilik, uztailaren 6an, udal plazaren erdian. Irudia imajinatzearekin soilik ileak lazten zitzaizkigun. Oihartzuna espero genuen, baina egia da halakorik ez genuela hasieratik espero. Behin ikusita txupinazoa atzeratu zela eta hedabide guztietan ikurrinaren irudia zabaldu zutela, ekinaldiari dimentsioa hartu genion. Gerora, beste ospakizun eta jai batzuen hasieran ere antzeko ekinaldiak egin zituzten arrantzale bizardunez mozorroturikoek. Eta mozorroez ari garela: urte hartan, Iruñeko Urtezahar gauean eta inauterietan arrantzale bizardun askotxo ikusi ziren, kar-kar!

Epaiketa ere izan zenuten...

Injustizia hutsa izan zen. Bi gauza gogoratzen ditugu, batez ere: batetik, elkartasun oldea. Jendeak kalean gelditzen gintuen animoak emateko, eskerrak emateko, zoriontzeko... Bestetik, polizien inpotentzia: ezin zuten sinetsi hori egiterik zegoenik. Horregatik ez zuten igarri. Guretzat, hala ere, nolabaiteko lasaitua izan zen atxiloketa. Ekinaldirako mozorrotu bai, mozorrotu ginen, baina ez ginen ezkutatu. Prestaketa lanak natural-natural egin genituen. Hortaz, bagenekien noizbait helduko zela atxiloketa.

Halako ekintza bat egingarria litzateke gaur egun?

Halakorik dagoeneko uste dut ezetz, teilatuak poliziaz josiak dituztelako ekinaldi horrez geroztik. Baina bestelakoak bai. Herri honek zerbait erakutsi badu urte luzez, hori da imajinazioa duela, eta horretan Iruñea grisez tindatuta ikusi nahi dutenek ez dituzte iruindarrak garaituko, ziur nago. Betiere, gure ikurren defentsan, iruindar guztiei dei egin nahiko nieke urterik urtera udal plaza betetzeko, arrantzale bizardunez jantzita akaso ez, baina hortxe daudenak ere izpiritu berdinarekin ateratzen baitituzte gure ikurrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.