Krisia Nafarroako Gobernuan

Barcinak gobernua defendatu du UPNko kargudunen aurrean

Bilera egin dute Tafallako hotel batean; atean hainbat pertsonak gobernukideen aurkako oihuak bota dituzte

edurne elizondo
Iruñea
2014ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Ez du diskurtsoa aldatu. Oraingoz, behintzat. Alderdiko kargudunen eta herrietako batzordeen aurrera agertu zen UPNko eta Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcina, atzo, Tafallan, eta dimisioa ez emateko erabakiari eutsi zion. «Gobernuan ez dago ustelkeriarik; Nafarroaren izena zikintzen ari dira, eta ez dugu onartuko», erran zuen Barcinak.

Tafallako hotel batean egin zuten UPNko kideek atzoko biltzarra. Atean, hainbat pertsona zegoen Nafarroako Gobernuko kideen zain, eta presidentea eta kontseilariak agertu zirenean, haien kontrako oihuak bota zituzten. «Lapurtzat» jo zituzten, bertzeak bertze. Tentsio uneak izan ziren haien eta foruzainen artean.

Hotelaren barruan, Barcinak babesa agertu zion Ekonomia eta Ogasun kontseilari Lourdes Goikoetxeari. Kontseilariak berak hitza hartu zuen atzoko ekitaldian, eta Ogasun zuzendari ohi Idoia Nievesek bere kontra egindako salaketak «faltsuak» direla nabarmendu zuen, UPNko kargudunen aurrean. «Ez dut dimisioa emanen, nire ohorea eta nire zintzotasuna defendatu behar baititut». Lore sorta eta bileran parte hartu zutenen txaloak jaso zituen kontseilariak, amaieran.

Manifestazioa, hilaren 22an

Kontuz-ek manifestaziora deitu ditu herritarrak hilaren 22rako, karrikan aldarrika dezaten «hauteskundeen bidez erabakitzeko duten eskubidea». Horixe nabarmendu zuen Kontuz-eko presidente Javier Aiestaranek, atzo, Iruñean egindako agerraldian. Hainbat gizarte taldek, sindikatuk eta eragilek babesa eman diote jada deialdiari. Iruñeko Golem zinematokien ondotik abiatuko da protesta, 17:30ean.

EH Bilduk ere hauteskundeak nahi ditu Nafarroan. Mezu hori zabaldu zuten atzo Maiorga Ramirezek, Bakartxo Ruizek eta Xabier Lasak, Iruñean egin zuten agerraldian. Bozetara deitzeko «tresna erabilgarritzat» jo zuten zentsura mozioa, eta haren inguruko xehetasunak «bigarren mailakoak» direla nabarmendu zuten. «Inportanteena hauteskundeak egitea da, herritarrei itzultzea hitza», azaldu zuen Bakartxo Ruizek.

EH Bilduko kideek azaldu zuten «Nafarroak nahi duen aldaketa gauzatzeko» lanean ari direla, eta helburu horrekin harremanetan jarri direla jada «talde guztiekin», bai eta eragile sozial eta sindikalekin ere. PSNk argi utzi nahi izan zuen atzo ez duela EH Bildurekin bilerarik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.