Julen Azcona
EGUZKI EPELEAN

Zertarako idazten dut

2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Toni Morrison idazle afro-amerikarrari galdetu zioten 1998an ea noizbait idatziko zuen arrazari buruz ez zen zerbait, eleberri serio bat, gizartearen bazterretatik urrun. Morrisonek, Literaturako Nobel Sariaren irabazle zenak, baietz erantzun eta, aldi berean, iruzkinaren arrazakeria nabarmendu zuen: galderak adierazi nahi zuena zen literatur on bakarra gizon zuriarena zela. Inork ez zion adierazpen berdina egin James Joyce, Lev Tolstoi edo Émile Zolari, eta haiek ere arrazari buruz hitz egiten zuten etengabe: arraza zuria. Morrisonentzat, jende zuriari buruz idaztea behar edo erronka bat dela iradokitzea iraingarria da, esan nahi baitu jende beltzaren bizitzak ez duela esanahirik, ez sakontasunik, begirada zuririk gabe, narratiba nagusitik kanpo.

Aldeak alde, hitz hauei buruz pentsatzen dut maiz, neure idazkerari aurre egiten diodanean. Zer esan nahi du bazterretatik sortzeak? Zer da zentralitatea, bai arrazan, bai genero edo sexualitatean, bai gizarte klasean? Hatzak teklatuan jartzen ditudanean, maiz nire errealitateari buruz idaztea ateratzen zait, eta norbaitek esan dezake: zertarako idatzi etengabe maritxu izateari buruz? Zergatik lerrokatu gai konkretu batetan?

Badakit ni baino lehenago etorri diren idazle gay asko saiatu direla haien bizitzari buruz ez idazten, autozentsuratzen, bere karrerak mugatzearen beldur. Uler dezaket, baina ezin dut behar hori partekatu, ez onartu. Egun gauzak aldatu dira, badakit. Errazagoa da 2022an bizitzea 80ko, 90eko eta 2000ko hamarkadetan baino. Aldaketa asko hobera izan dira: Espainiako argitaletxe nagusiek, Planetak eta Random Housek eta Anagramak, LGTBIQ+ komunitateak idatzitako istorioak argitaratzen dituzte. Bejondeiela. Beste gauza batzuk okerrera joan dira: ultraeskuinak ez du hainbeste ahots eta botere izan demokrazia motz honen historian.

Etorkizuna benetan iluna dirudi, egunaren arabera, eta munduak hemendik gutxira bizkarra eman diezaguke. Enpresek gizarte aferak ahazten ahal dituzte. Argitaletxe handiak aniztasunaz aspertu daitezke. Bitartean, Toni Morrisonek egin zuen bezala, idatzi. Idatzi eta inguruko errealitatea kapsulatu, idatzi eta narratiba nagusia arbuiatu, idatzi eta espazio ziurrak sortu, idatzi eta zaindu, idatzi eta babestu, idatzi eta borrokatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.