garbine ubeda goikoetxea
EGUZKI EPELEAN

Besterik ez

2020ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Ez zait sekula ahaztuko erreakzio hura.

Altsasuko hilerrian ginen, adiskidez, 36ko Gerrako biktimen oinordekoz, Aranzadiko kidez eta Nafarroako gobernuko zenbait hautetsiz inguratuta, Urbasako zulo ospetsuenetako batetik —Otsoportillokoa zela uste dut— atera zituzten gorpuzkiak zirela-eta. Identifikatutakoen artean ziren gure birraitonarenak ere, Jose Ubeda Sanchez, ez soldadu eta ez miliziano, erreketeak indarrez sartu aurretik herriko antzokiko tramoiari, epaitegiko langile eta UGT sindikatuko kide izandakoa.

Paco Etxeberria forentsea burdinazko kutxatxo beltz bat eskuetan zuela etorri zitzaion gure izeba Nievesi —Urbasako zulora bota zuten horren senide zuzenena eta odolekoon artetik bizirik ezagutu zuen bakarra—. Oinarrizko azalpenak eman ondoren, aurrez aurre jarri, kutxa beltzaren tapa poliki zabaltzen hasi, eta izeba zaharraren begiradari arretarik galdu gabe, femur bat utzi zion, zigun, agerian.

Momentu harrigarria da, sinboliko eta mingotsa, soraioena ere aztoratzeko modukoa. Mamirik ez duen hezur bakar batez historia biluzten delako. Eta urte luzetako prozesuaren azken metroa markatzen duelako, ez ordea, bide osoaren akabera. Negar egin liteke, halako kasu gehienetan gertatzen den bezala. Edo burua makurtu, begirunez, umiltasunez. Edo hitzik gabe geratu, zer esan edo nola senti ez dakizulako, egoera surrealistegia zaizulako, eta beharbada gaitzegia, horrenbeste jenderen aurrean asimilatzeko.

Hitzik gabe geratzen garenerako asmatu ziren topikoak, eta hortik jo zezakeen gure izebak ere, Etxeberriari eta gainerakoei eskerrak ozen emanez (finean, zinez eskertuta zegoelako), edo «duintasuna itzuli zaio» esanez (egia, justizia eta erreparazioa tokitan gelditzen diren arren, badelako behinik behin, lorpen ikaragarria). Horren ordez, barrenak agindu ziona esan zion, hantxe, natural, kutxa txiki beltzeko femurrari begirik kendu gabe: «Hori besterik ez?!».

Abstrakziora eramanda, azken mendearen metafora iruditu zitzaidan esaldia. Hainbeste borroka, hainbeste ahalegin, hainbeste nahigabe, eta zertarako.Lurraldetasunean, eskubide sozialetan, hizkuntzan, ekologian... gehientsuenetan erdibidean konformatu behar izateko.

Nirekin pazientzia hartu duzuen irakurle guztioi, eskerrik asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.