Julen Azcona
EGUZKI EPELEAN

Artea, bizitza, Dimisio Handia

2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Beyoncek bere lana utzi nahi du. Ez dut nik esaten: artista afroamerikarrak joan den hilabetean argitaratu zuen Renaissance diskoaren Break my Soul abestiaren letraren zati bat da. Bertan, abeslariak dio maitemindu dela, eta, beraz, proiektu berri bat bilatu nahi duela, orain duen lanak nerbioak urratzen baitizkio 9:00etatik 17:00etara, gauean gaizki lo eginaraziz.

Kantaren letra ez da zertan egia izan behar. Beyonce pop izar arrakastatsua eta aberatsa da. Baina mezu hau 2022. urte honetan bidali izanak ez dirudi kasualitatea denik. Forbes eta CNN bezalako hedabideek adierazi duten bezala, fenomeno sozial baten erantzuna izan daiteke, arte moduan: Dimisio Handia izeneko gertakariarena, hain zuzen ere. Ingelesez The Great Resignation edo The GreatQuit izenekoa pandemia eta gero Ameriketako Estatu Batuetan gertatu den egoera da, non herritarrak beren lana borondatez uzten ari diren etengabe, baldintza hobeen eske. Euskal Herrian hau ez da oraindik gertatu, baina Espainiako Lan ministroa, Yolanda Diaz, hasi da duela gutxi patronal eta sindikatuekin biltzen, gaia jorratzeko helburuarekin.

Beyoncek egin duena da gizarte joera bat oihartzun bihurtu. Artearekin bizitza imitatu. Eta ez da bakarra. Rosaliaren Despechá kanta ospetsuan, abeslari katalanak «Fuck la faena» dio, «pikutara lana», alegia. Bestalde, Camila Sosa Villadak, Las malas eleberriaren idazle argentinarrak, hurrengoa esan zuen duela pare bat hilabete, elkarrizketa batean: «Lana munduko asmakizunik txarrena da; oraintxe bertan hondartzan bainatzen egon gintezke».

Mezu hauen sakontasuna eztabaidatu daiteke, baina ezin da ukatu kultura herrikoian islatzeko duten boterea. Uda honetan gauero norbait ari da, beharbada konturatu gabe, lan prekarioaren aurka abesten diskoteketan edo hondartzako txiringitoetan. Irudi polita iruditzen zait. Oscar Wildek XIX. mendean esaten zuenez, «bizitzak artea imitatzen du arteak bizitza baino askoz gehiago» («Life imitates art far more than art imitates life»). Azken finean, Beyoncek artean baldintza duinen alde borrokatzen badu, zergatik ez dugu gainerakoek gauza bera egingo bizitza errealean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.