Albistea entzun

EGUZKI EPELEAN

Zergatik (I)

Julen Azcona -

2022ko abuztuak 14

Zergatik da hain zaila zutabe bat idazteko modua aurkitzea. Zergatik ez dira zutabeak beraiek bakarrik idazten, iratxo ñimiñoak balira bezala. Zergatik pilatzen da egunero hautsa lurrean. Zergatik pilatzen da izkinetan, batez ere. Zergatik da hain aspergarria etxe bat garbitzea, hain neketsua. Zergatik existitzen dira gerrak. Zergatik inbaditu du Putinek Ukraina. Zergatik fabrikatzen dira armak. Arma tiro pun. Zergatik irabazi zuen Ukrainak Eurovision. Zergatik ez genuen Ukrainari buruz hitz egiten Errusiak inbaditu zuen arte. Zergatik ez datorkit burura munduan gauzatzen ari den beste gerrarik. Zergatik Ukrainako bandera bai, baina Palestinakoa ez. Zergatik gara hain eurozentristak. Zergatik deitzen diogu edozeri Afrika, herri txiki bat izango balitz bezala, kontinente erraldoi bat izan ordez. Zergatik joaten gara Afrikara boluntariotza egitera. Zergatik uste dugu hori dela Afrikaren arazoaren konponbidea. Zergatik ez dugu barkamena eskatzen kolonizazioarengatik eta, ondoren, historian zehar lapurtu dugun guztia itzultzen. Zergatik ematen du munduan ez zegoela liskarrik Ukrainarena baino lehen. Zergatik agertu zen Antena 3-en alokairuko sabel baten bidez seme bat izan nahi zuen bikote (hetero) bat, Ukrainaren gerrarengatik haien alokairuzko umea jaso ezin zutela kexatzen ari zena. Zergatik esan zen elkarrizketan haiek umearen gurasoak zirela eta ukrainar emakumea, berriz, soilik pertsona umeduna. Zergatik ez zen esan Antena 3-en alokairuko sabelak ez direla legalak espainiar estatuan. Zergatik ez zen azaldu nortzuk diren ukrainar emakume horiek, zein nolako bizitza daramaten, zein den beraien egoera ekonomikoa, gerra baino lehen eta orain. Zergatik atera ziren Euskal Herritik errefuxiatu ukrainarrak ekartzeko hainbeste autobus. Zergatik ez dira hamaika autobus ateratzen beste krisi migratzaileetan. Zergatik ez zaizkigu axola pertsona ez-zuriak, pertsona arrazializatuak, babesa eskatzen digutenean. Zergatik jartzen zaizkie oztopoak Mediterraneoko migratzaileak salbatzeko ateratzen diren itsasontziei. Zergatik ez diete kongresu aurrean monumentu bat egiten. Zergatik da hain zaila zutabe bat idaztea. Zergatik da hain zaila idaztea. Zergatik da hain zaila. Zergatik da hain. Zergatik da. Zergatik. Z.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...