Annemiek van Vleuten eta Remco Evenepoel

Ausardiari ortzadarra

Annemiek van Vleuten herbeheretarrak eta Remco Evenepoel flandriarrak irabazi dute errepideko Munduko Txapelketa. Van Vleutenek sasoi ikusgarria biribildu du, Giroan, Tourrean eta Vueltan ere nagusitu baita. Evenepoel, berriz, Lieja-Bastogne-Liejan, Donostiako Klasikoan eta Vueltan ere gailendu da.

BERRIA.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Zeinen garrantzitsua den sinestea kirolean. Zugan sinetsi gabe, garaipen gutxi lor daitezke txirrindularitzan. Zorionez, egungo tropelean, ziklista ausart askok sinesten dute beren buruarengan, eta, gainera, oso onak dira, lasterketak modu ikusgarrian irabazten dituzten horietakoak. Remco Evenepoelek (Aalst, Flandria, 2000) eta Annemiek van Vleutenek (Utrecht, Herbehereak, 1984) argi utzi dute beste behin ere artistak direla helmugara aurrenak iristen, Wollogongeko Munduko Txapelketan(Australia). Ortzadar maillota jantzi dute, eta soinean eramango dute hurrengo urtean.

Egon hadi lo eta jango dun mehe, pentsatu zuen Van Vleutenek helmuga marra lehen postuan gurutzatu ostean. Ukondoan haustura txiki bat zuela atera zen, erlojupekoan izandako erorikoaren ondorioz, eta, halere, irabazi egin zuen. Ez zegoen irabazteko faboritoen artean, eta lasterketan ere argi ikusi zen hura baino hobeto zeudela gutxienez bost ziklista. Gainera, Marianne Vos herrikidearentzat lanean ari zela onartu zuen lasterketa amaitutakoan. Baina helmugaratzear zeudela, bizi ibili zen Van Vleuten. Azkeneko maldan atzean gelditu zen, baina, aurrean geldialdia zegoela baliatu, eta aukera txiki hori baliatzen saiatu zen. Atzetik aurrera egin zuen eraso bizi batekin, inor ez zen haren gurpilera atera; elkarri begira geratu ziren faboritoak, eta, konturatzerako, besoak jasota zituen Movistar taldeko izarrak. Besteak baino dezente bizkorragoa izan zen. Irabazteko ez dagoenean ere irabazi egiten du, eta horregatik izan da alde handiz denboraldiko ziklistarik onena .

Lieja-Bastogne-Lieja, hiru itzuli handiak —Giroa, Tourra eta Vuelta— eta Munduko Txapelketa. Ziklista on askok ez dute horietako lasterketa bakar bat ere irabazi beren ibilbide profesionaletan; Van Vleunetek urte berean irabazi ditu denak. Munduko Txapelketako garaipena izan da ezustekorik handiena. Zein baldintzatan zegoen ikusita, ez zuen espero. Are gutxiago bi itzuli baino gutxiago gelditzen zirenean Katarzina Niewiadomak, Liane Lippertek, Ashleigh Moolman-Pasiok, Hannah Ludwigek eta Elisa Longo Borghinik aurrera egin zutenean. Movistarreko ziklistak selekziokide Ellen van Dijkekin batera aurreko multzoan sartzea lortu zuen, kostata.

Dominak esprintean erabaki behar zirela zirudien. Lotte Kopecky flandriarra zen hautagai nagusia ortzadar maillota soineratzeko. Van Vleuten atzean geratu zen azken maldan, eta Kopeckyk dena zuen alde. Baina orduan osatu zuen balentria herbeheretarrak. Ez zuen ezer galtzekorik, eta dena eraman zuen. Denak ezustean harrapatu zituen, eta negar malkoei ezin eutsirik ailegatu zen helmugara. Kopeckyk eta Silvia Persico italiarrak osatu zuten podiuma, hurrenez hurren.

Handienen arrastoan

Lieja-Bastogne-Lieja, Donostiako Klasikoa, Espainiako Vuelta eta orain Munduko Txapelketa. Itzuli handi bat, monumentu bat eta Munduko Txapelketa urte berean irabazi dituen laugarren ziklista da Evenepoel. Alfredo Bindak, Eddy Mercxek eta Bernard Hinaultek bakarrik lortu dute hori egitea. Izen horiek irakurrita, ez dirudi batere erraza flandriarrak egin duena egitea.

Helmugarako 74,5 kilometroren faltan hasi zen Evenepoel zuhaitza astintzen, 30 laguneko ihesaldi bat sortuz. Haren mugimenduak ez zirudien oso arriskutsua, hark behera eginez gero Belgikako selekzioak beste piztia bat baitzuen tropelean ondo kokatua urrezko domina kolkoratzeko helburuarekin: Wout van Aert. Mathieu van der Poelek lasterketa utzi behar izan zuen gaua espetxean pasatu eta gero, gauean bi gazterekin izandako liskarrengatik, eta herbeheretarraren hutsuneak are faboritoago egin zituen Belgikako selekzioko bi ziklistak. Atzo bertan Australiako poliziak aske utzi zuen Van der Poel. Pasaportea itzuli, eta 1.000 dolar australiarreko isuna ordaintzera behartu du. Etxera bidean da dagoeneko.

Liskarrak liskar, Evenepoel nor baino nor gehiago aritu zen tropel osoarekin. Tropelak ezin izan zituen lasterketa buruan zeuden ziklistak harrapatu, eta, hori ikusita, flandriarrak aurrera egitea erabaki zuen helmugarako 34,5 kilometro falta zirela. Alexei Lutsenkok bakarrik jarraitu zion, baina kazakhstandarrak zortzi kilometro baino ez zituen egin Evenepoelekin. Pleasanteko igoeran, malda tentetzen hasi zenean, atzean gelditu zen. Azken 25 kilometroak bakarrik egin, eta bi minutu baino gehiagoko aldearekin helmugaratu zen Evenepoel. Sekulako erakustaldia eman zuen. Ez dago ortzadar maillota janzteko modu hoberik. Christophe Laporte frantziarrak kolkoratu zuen zilarra, eta Michael Matthews australiarrak brontzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.