Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Gezurren eragina

Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'Sestra'



Zuzendaria: Svetla Tsotsorkova. Gidoilariak:Svetoslav Ovcharov, S. Tsotsorkova. Aktoreak:Monika Naydenova, Svetlana Yancheva, Elena Zamyarkova, Asen Blatechky. Herrialdea: Bulgaria - Qatar. Iraupena: 97 minutu.

Bulgariako herri txiki bat. Rayna gaztea bere ahizpa eta amarekin bizi da errepide ondoko etxetxo batean. Buztinaren salerosketan lan egiten du familiak: paretatik atera, eta, blokeetan gorde ondoren, kamionetarekin doaz banatzera. Raynak, gainera, buztinezko figuratxoak sortzen ditu, errepide bazterrean jartzen duen dendatxoan saltzeko ondoren. Fantasiaz betetako neska da Rayna, milaka istorio kontatzen dizkie bere artea erostera joaten direnei, eta egunero dabil gezur berriak asmatzen. Baina gezur horietako batek min egingo dio bere ahizpari, eta, konpontzen saiatzen ari dela, bere familiari buruzko egia ulertuz joango da Rayna.

Hasiera indartsua du Svetla Tsotsorkova bulgariarraren proposamenak. Raynaren izaera erakusten digu guk bere aurpegia ikusi aurretik. Neska hotza da Rayna, gezurrak esateko arazorik ez duen norbait. Bizitza erraza ez daukala uler dezakegu; eta, hasiera batean kontrakoa dirudien arren, bere ahizpa estimu handitan dauka.

Filmak aurrera egin ahala, ordea, galtzen hasi naiz. Ez dut Raynaren motibazioa ulertu, zer nahi zuen, zergatik jokatzen zuen jokatzen zuen eran. Eta, beraz, ez dut harekin enpatizatzea lortu. Gezurrak esaten zituen eta erabat galduta zegoen neska hotz bat zen niretzat, eta kosta egin zait filmaren norabidea zein zen ikustea. Estruktura aldetik ere nahasi samarra iruditu zait Tsotsorkovaren filma: dena berandu zetorrela zirudien, noraezean zebilela. Amaiera indartsua du filmak, eta orduan heltzen gara gauzen zergatia ulertzera, baina hori ez da premisa interesgarri bat duen film nahasia orekatzeko gai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.