Albistea entzun

Aritz Eskudero eta Jon Irazu

Amestu gabeko debuta

Hilaren 4an egin zuten debuta profesionaletan Aritz Eskuderok eta Jon Irazuk, Berria Txapelketan. Lagunak dira biak, eta elkarren aurka aritu ziren, bakoitza bere bikotekidearekin. Debutaz eta erremontearen egoeraz hitz egin dute.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria -

2023ko martxoak 14 - Andoain

Galarretan elkarren kontra debuta egin ondoren, Andoaingo Arrate frontoian elkartu dira Aritz Eskudero (Andoain, Gipuzkoa, 1994) eta Jon Irazu (Aduna, Gipuzkoa, 1999). Lehenengoa bigarrenaren pilota entrenatzaile izan zen Andoaingo pilota eskolan, eta aspalditik ezagutzen dute elkar. Horrek berezia egin zuen bien debuta, baina, entrenatzaile eta jokalari izateagatik baino gehiago, «bion erteko harremanagatik» izan zen, Eskuderoren esanetan. Ikasleak irakaslea garaitu zuen, baina ez pilotan, erremontean baizik. Berria Txapelketako lehen jardunaldian gertatu zen hori. Bigarren jardunaldian, berriz, partida galdutzat eman zieten Irazuri eta Zubiriri, atzelariak min hartu baitzuen partida hasi eta berehala. Emaitzak alde batera utzita, debutaz eta erremonteaz aritu dira bi lagunak.

Eguna iritsi arte «lasai» zegoela esan du Irazuk, baina frontoira iritsi zenean urduritu zela aitortu du: «Frontoian zegoen giroa ikusita urduritu nintzen. Baina partida hasi eta lehenengo bi pilotakadak onak izan ziren, eta hor egin nuen txip aldaketa. Presiorik gabe jokatu nuen». Eskudero, berriz, «lasai» joan zen partidara, eta halaxe jokatu zuen: «Urduri jartzeko denbora askorik ere ez ziguten eman bi hauek!», adierazi zuen barre artean. Hala ere, partida berezia zela aitortu du: «Guretzat bezala, gure lagunentzat ere berezia izan zen debuta. Elkarren lagunak gara denok, eta bion aldeko pankartak zeuden harmailetan».

Partidak ez zuen misterio handirik izan. Hasiera berdindua joan zen, baina handik aurrera Zubiri nabarmendu zen besteen gainetik, eta sakearekin min handia egin zuen. Berehala jarri ziren Irazu eta Zubiri 17-5 aurretik. «Gainetik pasatu ziren, eta zoriontzea besterik ez genuen izan», onartu du Eskuderok.

Berria Txapelketaren aurkezpen egunean lehiaketa oso parekatua ikusten zutela esan zuten erremontista gehienek, eta, lehen partidak jokatuta, haien usteak baieztatu egin dituzte bi debutariek. Hala ere, bikoteen egiturak desberdinak dira; Eskuderok eta Irazuk bikote beterano bat daukate, baina badaude beste bikote batzuk bi erremontistak beteranoak direnak. «Haiek gehiago dakite nola funtzionatzen duen honek», adierazi du Irazuk: «Ez gaude haiengandik oso urruti, baina pilotak biziagoak dira, eta beste erritmo batean aritzera ohituta daude profesionalak».

Pilota, lagungarri

Erremontean sartu aurretik, pilotan urte mordoa eginak dira biak Andoaingo Gazteleku pilota elkartean. Erremontean probatzera animatu ziren biak, eta inoiz pentsatu gabeko debuta egitera iritsi dira. Irazuk pilota uztea erabaki zuenean pentsatu zuen erremontean probatzea, nahiz eta ez zeukan profesionaletara iristeko helbururik:. «Aitona beti izan da Galarretara joaten direnetakoa. Imanol Ansari behin probatzeko esan nion, eta gustura aritu nintzen».

Eskuderok argi dauka erremontean hasteko arrazoi nagusietako bat dela aurretik pilotan aritu izana. «Pilotan edo frontoiko edozein diziplinatan», gaineratu du Irazuk. «Oinarrizko maila bat geneukan, eta hori funtsezkoa da erremontean neurriak eta kolokazioa kontuan hartzeko», adierazi du Eskuderok.

Erremontea, gainera, ez da kirol erraza hasiberrientzat. «Zesta bat eskuan jartzen duzun lehenengo egunean, behar ez den toki guztietara bidaltzen duzu pilota», ohartarazi du Eskuderok, barre artean. Hala ere, «hastea bezain zaila da gero uztea», gaineratu du: «Harrapatu egiten zaitu». Lehenengo aldian kirola probatu ostean bigarren aldiz frontoira joan nahi izatea ez da erraza izaten. Irazuren hitzetan, oso kirol «etsigarria» da hasieran, baina, fase hori pasatuta, argia ikusten da iluntasunean: «Hobetuz zoazen heinean, abiadura azkarragoa ematen diozu pilotari, eta horrek motibatu egiten zaitu. Gehiago nahi duzu».

Erremontearen osasunaz hitz eginda, kirola bera garai hobeagoan eta okerragoan egon dela adierazi du Eskuderok. «Garai batean, astean lau jaialdi egiten omen ziren, eta frontoia bete egiten zen. Guk ez dugu ezagutu. Gaur egun, partida bakarra egiten da, eta jende pixka bat joaten bada poztu egiten gara. Garai hartan baino okerrago dago egun, ziur, baina orain baino okerrago ere ikusi dut nik, duela hiruzpalau urte». Gaur egun zesta-puntak bizi duen egoerarekin alderatu du Eskuderok. «Zesta-puntan gorakada nabarmena ikus daiteke. Horretarako, telebistaren laguntza funtsezkoa da, eta, laguntzen badu, urte askotarako seguru ikusten dut nik». Irazuk, berriz, uste du frontoira joateko zailtasunak kirolaren kalterako direla: «Zuzenean ikustera joatea zailagoa da. Frontoia aparte dago, eta garraioa behar da. Gernikan, adibidez, bertan dago frontoia, eta Winter Seriesera joatea errazagoa da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOK U

«Saskibaloiaren egunerokoari heltzeko energia ematen dit umeak»

Ainara Arratibel Gascon

Urtarrilean iritsi zen Donostiara hegalekoa. 2 urteko alaba du, eta amatasuna eta saskibaloia uztartzeko leku «egokia» topatu du Donostian. «Goi mailako gero eta emakume kirolari gehiago gara ama izateko urratsa egiten ari garenak», nabarmendu du.
<b>Gorka Nieto iragan asteartean, Sportingen aurkako neurketan, jaurtiketa bat egiten.</b> ©JON URBE / FOKU

Lisboan biribildu behar

Beñat Mujika Telleria

Artalekun irabazi ostean, Bidasoa kanporaketa biribiltzen ahaleginduko da gaur, Lisboan. Hiru golen aldea daukate irundarrek
Laskun herria, eta atzean, zirkua osatzen duten gailurretako batzuk. ©JUAN MARI ANSA

Laskungo mendietan murgilean

Ramon Olasagasti

Juan Mari Ansak Pirinioetako zirku eder hari buruzko liburu bat ondu du, hamabi urteko lan handiaren ondotik. Auñamendi, Bilhara, Hiru Erregeen Mahaia, Dec de Lhurs eta beste zenbait gailur ezagutzeko 24 ibilbide bildu ditu, baita ingurunearen giza alderdia ezagutzeko kondairak eta istorioak ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.