Urmuga

Orhi: bidaiari erratuen itsasargi

Bi kontzertu izan dira Urmugan: Orhin eta Erremendian. Lehenengoan, Donostiako Orfeoia aritu da, eta bigarrengoan, berriz, kantari ugarik hartu dute parte, Et Incarnatus orkestrarekin eta orfeoilariekin batera. Mendizaleek Zuberoako hainbat tontor eta Orhi magikoa igo dituzte.
Erremendiako Lojanzko iturriko kontzertua.
Erremendiako Lojanzko iturriko kontzertua. JOXEMI SAIZAR Tamaina handiagoan ikusi

Joxemi Saizar -

2020ko abuztuak 1

«Haize hegoa, gau epela, Ilargiaren argi», berriro Laboa jauna datorkie burura mendizaleei ostegun goizean jaikitakoan. Hala baitago eguraldia. Eta haizea izango dute lagun ibilaldi osoan zehar. Ez da izango eguneko musika bakarra, bi kontzertu baitituzte egun berean, sekula baino gehiago Urmuga osoan.

Bagargia mendatetik gora oinez hasi eta berehala, Organbidexka lepoan, Orhi agertu zaie, harro, dotore, presente, mendebaldetik etorrita lehen bi milako mendia, eta ibilaldi osoan zehar aurrean izango dute, bidaiari erratuen itsasargi gisa. Pelusegaina (1.594 metro), Odeizugaina (1.613 metro) eta Zazpigaina (1.768 metro) igo dituzte jarraian. Goiz abiatu, eta mantso ibili dira. Mendian ez da korri egin behar; geldialdietan bakarrik egin behar da korri. Gutxiago Zazpigaina gailurrean eta Lupinako ertzean, airean, hegan, sentitzen baita pertsona bertan, luma bide erdian opari gisa utzi duen saia bezala. Eta haizea gogor joz. Txabola baten babesa bilatu behar izan dute hamaiketakoa lasai hartu ahal izateko. Iratiko oihan zabala dute ikusgai bitartean hegoaldera, pago eta izeiez betea.

Orhiko txoria kantari

Eguneko azken aldapa gogorra besterik ez zaie gelditzen Orhi gailurreraino (2.019 metro): Euskal Herriko mendi magiko eta entzutetsua, Mari tximistaren jabearen eta Basajaunen bizilekua. Aurretik tontorrean jende ugari ikusten dute urmugalariek. Zalantza da itxialdiaren ondorengo mendi grinagatik ote den edo Donostiako Orfeoiaren kontzertuaren zain ote dauden. Tontorrera eguerdian iritsi dira, kontzerturako jarritako orduan. Jose Antonio Sainz Alfaro gora eta behera dabil haizetik babestutako agertoki egoki baten bila. Azkenean, gailurretik metro batzuk beherago aukeratu dute ustekabeko oholtza, malda batean. Entzuleak abeslarien atzetik, saguak Hamelingo txirulariarekin bezala.

Ehun metrotik gora igotzeko gai diren orfeoilariak Orhin elkartu direla azaldu du orfeoiko zuzendariak. Ezohiko uniformea dute soinean: galtzamotzak, botak, Urmugako kamiseta, txapela, eguzkitako betaurrekoak... Errepertorio herrikoia eta lekurako ezin egokiagoa aukeratu dute, Nafarroa eta Zuberoa artean: Goizeko izarra, Baldorba, Maitia nun zira, Boga boga... Eta nola ez, Erramun Martikorenaren Orhiko txoria. «Orhiko txoria, Orhi laket» dio esaerak. Gorbeian antzekoa esaten dute: «Gorbeiarako behiak beti Gorbeiara nahiko du». Txoria gustura egongo da, orfeoilariek haren ereserkia abestutakoan.

Ahots ederrak, antzoki ezin hobea, sonoritate oso onarekin eta ondoko artaldeko ardien zintzarrien hotsak perkusio tresna gisa abestiak laguntzen. Pisua dela-eta partitura gehiago igo ez dutenez, Sainz Alfaroren esanetan, Agur jaunak kantatuz bukatu du Donostiako Orfeoiak goi mailako emanaldia, bere historia luzean zehar inoiz baino maila altuagoan eskainia, bi mila metroko oholtza batean.

Abeslariek, urmugalariek eta ikusleek, gaur denak mendizale gisa berdinduta, elkarrekin egin dute jaitsiera Larraine mendateraino. Arratsaldean gehienak berriro elkartuko baitira beste leku batean beste musika saio oparo baterako: Erremendiako Lojanz iturrian.

Klasikotik erromeriara

Jendartean kokatutako lau panderoren soinuarekin hasi da emanaldia, Amak taldearen eskutik. Orhiko txoriaren ordez, dokumentala grabatzeko dronea agertu da zeruan hegan orduantxe. Doinu klasikoetatik abiatu da Et Incarnatus orkestra, Migel Zeberiroren zuzendaritzapean, eta bere errepertorio abaniko oparoaren erakustaldia egin du, doinu herrikoiak tartekatuz eta erromeria giroan amaituz. Beste behin, ikus-entzuleak poltsikoratzen badakitela frogatu dute.

Pettiren eta Amak taldearen kantuek euri tanta batzuk ekarri dituzte, eta palio mugikorrak martxan jarri dira, sonorizazio eta soinu tresnak estaltzeko. Donostiako Orfeoia Norvegiako ezkontza kantuarekin sartu da eszenan, eta Guridiren melodia batekin jarraitu du, orkestraren laguntzaz. Sanferminei keinu egin diete Astrainen balsa interpretatuz, eta zeruak beste euri tanta batzuk bota ditu, bedeinkazio gisa, baina, Titanicen bezala, aurrera jarraitu du kontzertuak, publikoaren konplizitatearekin. Doinu herrikoiekin jarraitu dute orfeoilariek, baina Alex Sarduik piztu du giroa Erremendian, bang-bang tiroak botaz, jendea euritan dantzan jarriz. Lau emakume trikitilariek erritmo dantzagarriekin eutsi diote bizkaitarrak jarritako giroari. Azken trakan iritsi dira Orfeoiaren Baldorba eta Orhiko txoria, orkestraren Iraolanekoa, eta Sarduiren Loretxoa eta Euritan dantzan, atertu duen garaian. Erromeriari amaiera emateko, Aizpearron bezala, Santiago de Compostelara abiatu dira kantari eta musikariak erromes, baita publiko artetik fitxatutako Xabier Leturia ere.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo ©Gorka Rubio / Foku

Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Berria

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria