KRITIKA. Dantza

Ez dakigu noiz

Agus Perez -

2019ko urriak 20

'Gran Bolero'



Ideia, zuzendaritza eta koreografia: Jesus Rubio Gamo. Musika: Juan Pablo Polo. Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: Urriak 18.

Metraileta batekin gogoratu gara emanaldiaren hasieran, hain zen indartsua eta azkarra zarata erritmikoa. Apurka-apurka hasi da eszena erdian agertzen gizon baten figura foku zenital baten pean, eta albo bietan zeuden dantzariak —seina gizon eta emakume izan dira guztira— haren ingurura joan dira hurbiltzen eta zirkuluak deskribatzen urrats pausatu baina determinatuekin.

Hasierako perkusioa bide egituratuago batzuetatik ibili da gero, eta harekin batera forma koordinatua hartu dute dantzarien ibilbide kaotikoek. Hala ere, ez dakigu noiz gertatu den bat egite leun hori, eta efektua erreakzio kimiko batzuetan gertatzen denaren antzekoa izan da: arrautza eta olioa ari zara nahasten maionesa eder baterako, une batez uste duzu inoiz ez direla elkarren lagun egingo, eta halako batean zast!, miraria suertatu da, zuk ez dakizula ez nola ez noiz gertatu den. Berdin antzera jazo da lehen koordinazio horretan.

Jesus Rubio Gamo koreografoaren hitzetan, «egoeren eraldaketa» da gehien interesatzen zaiona, eta hori berori izan da emanaldi osoan zehar sentitu duguna. Hasierako gizon estatikoa barne, denek jarraitu dute agertokian zehar zirkulu kolektiboak deskribatzen, perkusio hutsa zen doinuaren pean, baina beren ibilbide zirkularretan kontrapas moduko pauso txikiak tartekatuta eta noizean behin haietariko bik edo hiruk geldialdiak eginez, edertasun handiko eboluzio laburrei ekiteko eta taldearen ibilbidean laster integratzeko. Anartean, Ravelen Bolero-ren segmentu lauso batzuk hasi dira perkusioan txertatzen —ia subliminalki hasieran, nabarmenagoak gero— eta haiekin batera, dantzarien dei laburrak eta txalo bakanak etorri dira han-hemenka.

Une jakin batean konturatu gara hasierako jantzien kolore-gama urdina, grisa, zuria aldatuta zegoela, eta orain nagusi zirela marroiak eta tonu arreak. Baina ez dakigu noiz gertatu den aldaketa, argien kolore aldaketarekin batera agian. Bitartean, jarduera fisiko etengabean zeuden guztiak, beti bueltaka oro har, baina gero eta ugariagoak ziren dantzari batzuek bertikalean bidalitako beste dantzari baten jaurtiketak, gorputz batzuek beste batzuen kontra proiektaturiko gorputzak, gizon batzuek neska batzuen gorputzak horizontalean hartu eta abiadura handian egindako bira zorabiagarriak, behegainetik arrastaka eramanak izan ostean izandako birzutitze miresgarriak.

Hala ere, noiz galdu dituzte dantzariek hasierako arroparen koloreak? Noiz mutil batzuek prakak eta neskek elastikoak? Noiz geratu dira gorputz batzuk zeharo biluzik eta beste gehienak ia-ia? Ordurako, Bolero-a bere potentzia osoan entzuten zen, eta dantzariak bikoteka edo hirunaka aritzen ziren energia kolpe ikaragarriz bira eta jauzi bakoitzean. Sakrifizio itxura hartzen zuten irudiek aldian behin, eta erritual basatiena beste batzuetan, baina gorputzen apoteosi horretan ez dugu inoiz jakin noiz gertatzen ziren gauzak, harrapatuta egon garelako denboraren zurrunbiloan eta gorputz haien abandonu mistikoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna