Harrobia herren

Unibertsitatean arte ikasketak egiten ari direnen lanetan ere erdaretarako joera antzematen dute Manterolak eta Onandiak. Erabilera eta euskarazko corpus sendoago baten premia aipatu dituzte.

itziar ugarte irizar
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitatean egoera «atzera bidean» antzematen du Manterolak. «Erabilpena hutsaren hurrengoa da, eta horrek berak eragiten du artelanetan eta proiektuetan euskara ez azaltzea. Ikasleek buruan ez darabilten hizkuntza ez da beraiek produzitzen dituzten lanetan azaltzen; normala da». Irakasleekin arteaz jardutean gazteleraz aritzeko joera dagoela dio, eta ez duela laguntzen. Ikasgelan obren izenburuak gazteleraz erabiltzeko joera iraultzea ere konplexua zaie egunerokoan. «Oinarrizko hezkuntzan ez da lortu joera aldatzea, eta zaila da unibertsitateko irakasgai batean aldatzea. Komunikabideek ere ez dute gehiegi laguntzen; eredu falta eragiten du horrek».

Unibertsitate berean ematen ditu eskolak Onandiak ere. Erronken artean, arteari buruzko nolanahiko corpusa euskaraz ugaritzeari eman dio garrantzia. «Oso txikia da oraindik, ez da nahikoa». Gogora ekarri du ardura ez dela soilik ikasleena: «Irakasleok ere, ikerketa egiten dugunean, espainierara edo ingelesera egiten dugu sarritan, sistemak berak horretara garamatzalako—karrera akademikorako euskarazko argitalpenek ez dute puntuazio berbera ematen—, baina izan daiteke aukera pertsonalagatik edo baita errazkeriagatik ere».

Bi baino ez

Artearen giro orokorra euskalduntzeko urratsak motel doaz aurrerantz Manterolarentzat. «Nahiz eta euskaraz lan egiteko eragozpenik ez duen belaunaldi berria daukagun, ez da arteari buruzko produkzioa euskaraz egingo duen jendea topatzen». Akademiatik kanpoko baina artista gazteei lotutako adibide batekin erakutsi du: arte proiektuak atzerriratzeko deialdi batean epaimahaikide izateko deitu zion Etxepare Euskal Institutuak. Aztertu behar zituzten dosierren artean bi baino ez zeuden euskaraz, aurkeztutako artista ugari euskaldunak izan arren. «Horrek erakusten du euskal artisten lan egiteko hizkuntza gaztelania dela». Hiru herren nagusi seinalatu ditu Manterolak: hezkuntzako hutsunea, euskarazko arte dibulgazio urria eta arte sistema autonomo baten falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.