'Faith'

Patuarekin lehian

Idazlea: Lander Garro. Argitaletxea: Elkar.

2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Iazko Durangoko Azokaren bueltan kaleratu zen Lander Garroren nobela berria, hots, orain dela lau hilabete pasatxo. Nolabait, 2014ko Gerra txikia-ren jarraipena da Faith. Izan ere, bere alter ego-tzat har daitekeen Xabi Ugarte dakar berriz ere Garrok, ondo koskortuta, jadanik bizitzaren abenturan zaildu samarra. Gaztea da, halere, eta kartzelatik eta epaiketa batetik igaro ondoren, Bartzelonara jo du, han zinema ikasketak egiteko. Patuak ez dio berehalakoan arnasa hartzen utziko, ordea.

Zer egin dezake norbanakoak Historiaren gurpilaren aurka? Noraino da gizakia erabakiak hartzeko libre, halabehar ahaltsuaren aurrean? Galdera horiexek ditu abiapuntu nobelak. Xabik ez luke, printzipioz, bizitzea egokitu zaion abagune historikoan esku hartu nahi, bere neba-arrebek egin bezala, «galdutzat emandako gerran parte ez hartzea» delako bere asmoa. Asmoak asmo, atzetik jarraituko dio Patuaren mamuak. Gai topikoa dugu literaturan, gurean ere bai; baina Garrok tonu eta trataera beregaina ematen dio, emaitza txukunarekin. Hasteko, autoreak geruza auto-ironiko batez estaltzen du narrazioa; ironia eta umore kutsu horrek ematen dio, hain zuzen, sinesgarritasuna protagonistari, irakurlearen aurrean humanizatzen du. Hori horrela, Xabi ez da Historiaren oldarraren menpeko txotxongiloa, ezta heroi titanikoa ere, ezpada Patuak kokatu duen tokiaz jakitun bizirauten saiatzen den pertsona, bere miseria, poz eta itxaropenekin. Gainerako pertsonaiak ere halakoxeak dira, neurri berean inguruaren, halabeharraren eta bere erabakien emaitza. Elementu horien arteko jokoan, bizitza. Eta fikziorako lurralde oparoa.

Protagonistaren beraren eta gainerako pertsonaien karakterizazioa da nobelaren indarguneetako bat. Horien arteko giza harremanetan arakatzeko gaitasuna ere erakusten du autoreak, ez konplexutasun ikaragarriz, baina bai modu sinesgarri eta bizian. Horrekin batera, elkarrizketak emateko modua ere aipagarria iruditu zait, apaingarri gehiegirik gabe eta interbentzioak pertsonaia bakoitzaren ezaugarrietara egokituz. Kontaeran erritmo arina baliatzen du Garrok eta gertakariak Ugarteren galbahetik igarota ematen dira. Narratzailearen esan-indarraren gakoa da hori, ikuspegi ironiko, are sarkastikoa eraginkorra suertatzen baita. Tartean txertatzen diren gogoeta iruzkin luzexeagoak, baina, zenbaitetan ez dira protagonistaren karakterizazioarekin egoki uztartzen, hau da, zurrunegiak, narrazioaren tonutik aldenduegiak antzeman ditut hainbat iruzkin politiko, esaterako. Narratzailearen eta Xabiren ahotsak zehazki ahots bera ez badira ere, elkarri loturik ageri dira kontaketan eta dibagazio horietan nabaritu ditut solteen. Horietako batzuk beren indarra galtzen dute errepikapenaren ondorioz, bestalde. Edonola ere, ez du horrek irakurketa zapuzten; aitzitik, Lander Garrok nobela sinesgarria, osoa lortzen du. Eleberri bati eska dakioken gehiena du Faith-ek. Pertsonaien arteko tirabirekin, eszenen girotzearekin, fikzioaren beraren erritmoarekin gozatzen den horietakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.