Libano. Krisi ekonomikoa

Ziade: «Ez dakit jendea nola moldatzen den jateko»

Tripolin bizi da Ziade. Han bi muturrak dira nagusi: batetik, aberatsak, eta, bestetik, ezer ere ez dutenak. J. C. V.
2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
2019an hasitako krisiaren aurretik, Mediterraneoko kostako hiririk pobreena zen Tripoli. Orain, beste munduko zerbait da. «Jendeak lehen ere sufritzen zuen, baina libera libanoarraren beherakadak larritu egin ditu Tripoliko biztanleak», azaldu du hiriko gazte batek, Ziadek. «Merkatura joaten naizenean, etengabe entzuten dut jendea galdezka ea zergatik den guztia horren garestia», esan du, atsekabetuta. «Beren buruari galdetzen diote nola moldatuko diren jateko, eta nik ere ez dakit nola egiten duten». Laguntza humanitario handia dago hirian, baina, Ziaden ustez, ez da nahikoa herritarren gabeziei erantzuteko.

«Jendea beldur da. Ez dute ez jatekorik, ez botikarik, ez pasaporterik eta ez lanik, eta, hala ere, ez dute protestarik egiten». Zenbait multimilionarioren jaioterria da Tripoli, hala nola jarduneko lehen ministro Najib Mikatirena eta haren anaia Taharena —3.000 milioi dolar ditu bakoitzak—, eta erdibitua dago hiria: «Edo aberatsa zara, edo ezertxo ere ez izateko adinako pobrea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.