Greba Osakidetzan

«Erreta» ari dira lanean

Nekea eta ezinegona aski agerikoak dira langileen artean; behin-behinekotasunak kezkatzen ditu, esate baterako, eta lehen mailako arretan igartzen duten noraezak.

Manifestazioa, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Arantxa Iraola - Javi West Larrañaga
2023ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Bi erizain, erizain laguntzaile bat, eta mediku bat. Laurek hartu nahi izan dute hitza adierazteko Osakidetzan egun zer arazo ikusten dituzten. Ospitaleetako, larrialdietako eta lehen mailako arretako profesionalak dira, eta, talaietako bakoitzean gauzak ikusteko era aldatzen bada ere, zuztarrekoak dira hainbat kezka. «Erreta» ari direla diote. Besteak beste, profesional falta agerikoa delako zerbitzu gehienetan, eta «behin-behinekotasuna» jarduteko modu guztiz orokortua. Egoera horietan, ikusten dute beren zerbitzuak okertzen ari direla. Aurrez «inoiz ere» ikusi gabekoak ikusten ari dira. Txarrera.

ITZIAR MUJIKA
Erizaina lehen mailako arretan
«Ezin dugu ulertu nora eraman nahi gaituzten»

«Zerbait arraroa egiten ari dira». Artega mintzo da Itziar Mujika erizaina, Osakidetzan urteotan ezartzen ari diren lan eredu berrien harira. 38 urte daramatza sisteman lanean, eta badu zerekin alderatu: «Eta ezin dugu ulertu nora eraman nahi gaituzten». Urteak daramatza Hernaniko osasun zentroan (Gipuzkoa) lanean, eta lehen mailako arretaren ezaugarririk garrantzitsuenetakoa zein den gogoratu du: osasun profesionalen eta pazienteen arteko harreman jarraitua, eta, jarraitua izatearen ondorioz, konfiantzazkoa. «Hori apurtu egin da, ordea; apenas dagoen erreferentziazko sendagilerik». Adjektibo bat du egoera deskribatzeko; behin eta berriz erabili du: «Mingarria».

Pazienteak zein diren aintzat hartu gabe banatzen direla deitoratu du, kuotaka: «Esaten da: 'Zuri hamar tokatzen zaizkizu. Eta zuri, beste hamar». Bidean ezaugarri ezinbestekoak galtzen direla uste du: «arta onaren bermea», esaterako, eta «kalitatea» bera. «Orain ez dago entzuteko denborarik. Orain, pazienteari zer gertatzen zaion galdetzea da dena, eta di-da konpontzea. Eta hori ez da lehen mailako arreta».

Arduratuta dago profesionalen «gabezia» handia delako ere, eta horri aurre egiteko neurriak arta telematikora begira ondu direla iruditzen zaiolako: profesional gehiago jarri gabe. Hernaniko osasun zentroan duten egoera ekarri du hizpidera, adibide gisa. «Aste Santuan hasi ziren, eta berdin-berdin jarraitzen dute; uste dut egoera normalizatu egin nahi dutela. Baina abisu txiki bat izanda, eta jakin gabe gero nola jokatu behar dugun, orain bi erizainek eta administrari batek lan egin behar dugu, sendagilerik gabe». Etengabeko arreta gunea da Hernanikoa, eta Gipuzkoako tankerako gainerako zentroekin batera arduratzen da anbulatorioak itxita daudenean pazienteei osasun arta bermatzeaz. «Bada, medikurik gabe gaude 17:00etatik 08:00etara eta asteburuetan. Horrela gaude. Eta beldurtuta, zer gerta ere».

Buruan bor-bor ditu galderak, eta erantzunak jaso nahi lituzke: «Uste dut guztiok dugula eskubidea jakiteko sistema nora doan, eta haien politikak nolakoak diren». Oro har, «gardentasunik» eza handia dela deritzo, ordea. Informazio falta horretan ere, jaso ahal izan duen apurrean, argi ikusten du telemedikuntzaren inguruko lilura bat, eta ahal dela guztietan «aurrez aurrekoari» izkin egiteko nahia.

LEIRE
Larrialdietako medikua
«Lana badago, baina kalitate txarrekoa da»

Zaintza intentsiboetan trebatu zen Leire mediku ibilbidea hastean, Donostia ospitalean, orain dela zazpi urte. «Espezialitatea bukatzean, ordea, ez zen lanik ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, eta larrialdietan hasi nintzen, anbulantzietan». Ordutik, behin-behinekotasunean oinarritutako lan sistema batek zedarritu du haren ibilbide profesionala, guztiz. Osakidetzako beste langile askoren gisan, arduratuta dago geroarekin, eta protestarako motiboak daudela uste duten profesional horietako bat da. Inguruko asko «erreta» daudela esan du.

Behin-behinekotasunarengatik, sentitzen dutelako administrazioak ez duela deus egin horren aurka: «Urte asko egin dituzte lanpostu finko asko aurrezten. Lana badago, baina kalitate txarrekoa da. Ez dituzte kontratu luzeak ateratzen, nahiz eta kontratu luze horiek egon», deitoratu du. Orain, Europako Batasunetik heldu diren aginpideen ondorioz, kontratazio luzeagoak egiteko mugimenduak egin direla onartu du, baina sakoneko aldaketak falta direla uste du: «Kontratuak atera dituzte, baina oso kalitate txarrekoak, eta jendea mareatzen ari dira, toki batetik bestera». Mugimendu horien ondorioz, berriki lortu du berak hurrengo lan eskaintza publikoa argitu arte indarrean egongo den lan kontratu bat. Ingurura begiratu, eta antzera ikusten ditu lankide gehienak: «Langile finkoak oso gutxi dira».

Kalera irteteko motiboak daudela uste du, baita ere, aurreko lan eskaintza publikoa oraindik ebatzi gabe hurrengoa antolatu duelako Osakidetzak. Hainbat langile kexu dira motibo horrengatik, bera tartean: «Aurreko lan eskaintza publikoan oso ondo egin nuen; baditut aukerak lanpostu bat ateratzeko. Baina ez denez ebatzi, ikasten jarraitu behar dut. Haserre handia eragiten du horrek». Eta lan zama handitu.

Halaber, salatu du lanak antolatzeko moduek zailtasunak ekartzen dituztela jardun profesionala bizitzaren gainerako arloekin uztartzeko. «Hilabeteko lan plana hilabete bukaeran ematen digute beti; adibidez, ekainekoa maiatzaren bukaeran izango dugu», azaldu du. Horrek ez du errazten bizitza antolatzea. Askotan jasotzen dituzten programa horiek «defizitarioak» izaten direla esplikatu du, gainera, eta lanera deitzen dituztela egun batetik bestera ere, bete gabe dauden txandetan lan egitera. «Askotan telefono deien bidez betetzen dituzte halakoak».

RAKEL GARCIA
Erizaintzako laguntzailea larrialdietan
«Langileak etengabe aldatzen ari bagara, ezin dugu ondo funtzionatu»

Urte eta erdi baino gutxiago darama Rakel Garciak oraingo postuan, eta «ia-ia beteranoena» da. Gurutzetako larrialdietan ari da lanean, eta, kontatu duenez, lekualdatzeak ez dira langileek eskatutakoak: kontratua amaitzean, beste unitate batean egiten diete berria. «Kontratuak egiten eta egiten ari badira, eta langileak etengabe aldatzen ari bagara, ezin dugu ondo funtzionatu», kexatu da. Haren ustez, unitatean beti langile berriak izateak eragin nabarmena dauka zerbitzuaren funtzionamenduan, «berriro erakusteko denbora asko» behar delako.

Horrez gain, pandemiatik hona materialaren kalitatea apaldu dela uste du Garciak, eta lana zailtzen diela horrek. Denbora batez, apurtua izan zuten txizontziak eta kakontziak garbitzeko makina, erizaintzako laguntzaileentzat «ezinbestekoa» dena. Berri bat ekarri arren, oraindik ez dute instalatu. «Gehiegizko burokrazia» da erantzulea, haren ustez. «Halakoak egun batetik bestera konpondu behar lirateke».

AITOR
Larrialdietako erizaina
«Jende askok murrizketa eskatu du, erritmoagatik»

Greba egin du egunotan Aitorrek (izen asmatua da). Langile taldea handitzea nahi du, eta «ahal den neurrian» formakuntzak ematea. Gurutzetako larrialdien zerbitzuan ari da lanean, eta, kontatu duenez, azken hilabeteetan «ia egunero» artatu behar izan dituzte pazienteak korridoreetan, batez ere arratsaldeko txandetan. «Lehen mailako arretan ez dute lortzen ordurik medikuekin; orduan, guregana etortzen dira», azaldu du.

Azkenaldian arazoa «handitu» egin dela uste du, nahiz eta hiru urte bakarrik eraman zerbitzuan: «Denbora asko daramatenek esaten dute azkenaldian ikusi dutena ez dutela inoiz ikusi orain arte». Asko igarri du azkenaldian jendeak zerbitzua utzi duela, eta datozen berriek ez daukatela formakuntzarik, nahiz eta haiena «zerbitzu berezia» den eta formakuntza espezifikoa behar den. Horregatik uste du «ezinbestekoa» dela unitateko langileei formakuntza ematea.

Aitorren berbetan, ohikoa da jendeak larrialdi zerbitzuetatik alde egitea, «kantsatuta edo kokoteraino» daudelako. «Lasaiago» dauden zerbitzuetara jotzen dute, edo, bestela, sektore pribatura. «Jende askok murrizketak eskatu ditu, ezin diolako eutsi lan erritmoari». Hori gertatu zaie haren unitateko erizain askori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.