martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Israeldarren jokabidea

2022ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Ba ote dago munduan Israelen tamainako herrialderik —9,5 milioi biztanle— hark adina indar eduki eta hark adina beldur sortzen duenik. Hamarkadak daramatzate gobernu israeldarrek nahi duten guztia egiten palestinarrekin: lurrak lapurtu, herritar zibilak hil, kilometro askotako hesia ezarri, ekonomia ito...

Adin guztietako milaka palestinar hil dituzte azken hamarkadotan; iaz bakarrik, B'Tselem erakundearen datuak dira, 242 heldu eta 71 adingabe. Urte berean, 859 etxebizitza birrindu zituzten. Zein herrialdek zigortu du ekonomikoki Israelgo Estatua horrelako erasoak egiteagatik, zeinek kendu du enbaxadorea, zeinek harreman diplomatikoak eten...?

Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbas Alemanian da egunotan bisita ofizialean. Atzo, Alemaniako kantzilerrarekin emandako prentsaurrekoan, Israelek palestinarren aurka egindako erasoak salatzeko, naziek juduen aurka egindako holokaustoaren irudia erabiliz, esan zuen «Israelek 50 holokausto» egin dituela Palestinan.

Herrien sufrimenduaren ondarea juduena bakarrik balitz bezala, gogor erantzun zion Abbasi Yair Lapid Israelgo lehen ministroak, konparazio horrekin juduen mina gutxiesten ari zela aurpegiratuz.

Naziek hildako judu asko lotsatuta egongo ziren Israelen erasoak ikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.