Kanpoko hezurdura indar jokoan

Lan eta bizi baldintzak hobetzeko, Exofair enpresa Every exoeskeletoa ekoizten hasi da Miarritzen. Ekologikoa, erabilerraza eta denek eskuratzeko modukoa izatea du xede, partikularrak eta enpresa ttipietako langileak baititu jomugan: 30 kiloz arindu ditzake kargak.

Erizain bat paziente bat tokiz mugitzen, bizkarra babesturik. EXOFAIR.
Ainize Madariaga
Miarritze
2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Exoeskeletoa entzun, eta irudika daiteke Robocop erdi jende erdi makina den superheroia ekintza betean. Edo, kontrara, ospitale abandonatu bateko material ortopediko erabili eta higatu herdoildua. Hasteko, eskuragarria ez den zerbaitek har dezake nehoren gogoa.

Alta, mitoa hausten ari da. Miarritzen (Lapurdi), hasteko, bai; duela guti Exofair enpresa Every exoeskeletoa ekoizten hasi baita bertan. Every berebiziko garrantzia biltzen ari da: lan eta giza baldintzak hobetzen laguntzen baitu.

Hiru kilo eskas pisatzen dituen bizkar zaku zinez erosoa jantzirik, harrigarria da zer eragiten duen. Norbera bere gorputzaren jabe izaten segituz, zinez arintzen du besoek altxatzen duten karga, altxatze mugimendua lagunduz. Belaunak tolestera behartzen du exoeskeletoak, eta bizkarrari ez dio aitzinerat edo gibelerat makurtzen uzten. Hala, eskuen arteko objektuak pisu gabetzeaz gain, gorputza postura egokia hartzera behartzen du: belaunak tolesturik, izterrek egin dezaten lan, bizkarra xut-xuta mantenaraziz. Inteligentzia kinestesikoari bidea irekiz. Halterofiliaren irudiak lagun dezake ulertzen zein den posturarik egokiena pisua altxatu eta gorputzari kalte gutien eragiteko. Jaso beharreko pisuaren arabera doitzen da airea; hala, bazterreko balbulari esker, airez hustu daiteke exoeskeletoa, baldin eta altxatu beharrekoa arinagoa bada. Beharraren araberako laguntza eman dezake, beraz.

«Soinean jantzi ezazu, bai, hori eta bera: bizkar zaku bat bezala. Belaunetakoak belaunetan koka. Esteka itzazue bularreko eta gerriko uhalak. Doitu altuera. Puzgailua sakatu, eta tira aitzina!», telefonoz ari da ikastaroa ematen Pierre-Andre Foix, maneiurako exoeskeletoen ekoizlea. Lyongo (Frantzia) enpresako langileek lehentze dute exoeskeletoaren erabiltzen: kamioiendako konpresoreak ekoizten dituzte; beraz, badute garraiatzeko pieza pezurik.

Bezperan Hendaiako (Lapurdi) ospitalean egona da, bertako langileentzako exoeskeletoak erakustera: 60 kiloko erizain batek 80 kiloko paziente bat ohez aldatu behar duelarik, zaila baita bizkarrari minik ez ematea. Eta Urdiaingo galdategia. Eta Nafarroako metalurgia... Exoeskeletoak luze ditu besoak.

Denboraren borta

Exoeskeletoa aldatu da aditz denboraz. Ate joka ari da, beraz: etorkizunekoa izan zen, zientzia fikzioa. Ez da gehiago iraganekoa ere, ez, baina iraganetik datozen minei etorkizun hobea eman nahi die. Lanak sortzen dituen higadurak arindu nahi ditu, langileak hobeki zahar daitezen.

Ekoizleak ohartarazi du balore sozialek badutela zer erran, aldatu baitira haiek ere: «Ez du gehiago nehork onartzen lanean higatzea. Etxerat heldu nahi dugu akituegi izan gabe, eta kirola egin nahi dugu, familiarekin egon... Europako kalitateak dira».

Lan baldintzak hobetzeko baitezpadako tresna bilakatzen ari da: «Trauma muskulu-eskeletikoen %70 bizkarreko minetik datoz. Mende honetako gaitza deitzen zaio. Teknologiaren aitzinamenduei esker, exoeskeletoak kargak arintzen ditu. Osasun publikoaz mintzo gara. Erosoa, ekonomikoa eta aise erabiltzeko modukoa da: denetan hedatzea denbora kontua baizik ez da», azpimarratu du Foixek. Kirolaria ez den jendeari begira bizikleta elektrikoek duten arrakasta bera espero du Foixek honekin ere.

Era berean, aldarrikatu du exoeskeletoez eraiki diren «fantasmak desegin behar» direla. Alabaina, pedagogia lana egiten du, jendearen iruditerian exoeskeletoa ez baita gauza «arrunta». Horregatik, exoeskeletoaren funtzioa ongi azaltzeko, beti kutxa bat edo paziente bat erabiltzen du Foixek: «Uler dezaten zertan lagungarri izan dakiekeen eguneroko lanetan. Egurra biltzen ala aita zaharra altxatzen, adibidez».

Maider 60 urteko fruitu ekoizlea da, eta badaki zer den lanaren higadura: «Bildutako fruituak kutxetan ezartzen ditut, eta haiek altxatu behar ditut gero, sailkatuak izan daitezen. Hala, bizkarraren peko aldea anitz beharturik da egunero. Exoeskeletoariesker, 20 kiloko kartoiak altxa ditzaket. Lana uztekotan nintzen, baina, honi esker, pentsatzen dut hiruzpalau urtez oraino ariko naizela».

Azpimarratzekoa da exoeskeletoaren ekarpena: 30 kiloz arindu baitezake pisua. Hala, 40 kiloko zaku bat altxatzen duenaren bizkarrak ez ditu 10 baizik jasoko, tresnak baititu tarteko 30 kilo horiek bere gain hartuko.

Hori sentitu du Jonek. 30 urte ditu. Ordezko piezak fabrikatzen dituen lantegi batean ari da, eta 20 kiloko produktuak kargatzea da bere betebeharra: «Saltze handiko egunetan 50 kartoi kargatzen ditut oren bat baino gehiagoko tartean. Exoeskeletoa darabildanez geroztik, bizkarraren behealdeko presioa errotik mendratu zait. Gabe, zinez akigarria da. Erabiltzeak ekartzen dit osagarri ona. Ni bezalako guziek beharko lukete baliatu luzaz lan egiteko gisan».

Airea airos

Foixek umorez erran du «airea bezain sinplea» dela tresnaren mekanismoa, eta, preseski, «iraultza» ekarri badu, sustut darabilen energiagatik dela; ez baitu energia fosilik baliatzen; agorrezina dena baizik, airea: «Aire konprimatua da behar duen guzia. Motor mekanikoak, jasogailu elektrikoak eta pistoiak ordezkatzen ditu aire konprimatuak; haiek baino potentzia gehiago lor dezake. Biziki indartsua izateaz gain, ekologikoa, ergonomikoa eta ekonomikoa da Every exoeskeletoa: 2.000 euro inguru». Bateriaren beharrik ez duenez, ez da kutsagarria.

Gainera, oihala hautsari eta ziliportei iragazgaitza da, belaki kautxu birziklatuz egina. Berdin-berdin ibil daiteke uretan eta hondarretan, bai ere bero handitan nola zero peko graduetan. Funtsean, IP56 fabrikatze arauaren meneko da.

Orain arte exoeskeleto industrialak ekoitzi izan ditu Foixeren enpresak, Naoneden (Bretainia), duela bortz bat urte. Baina haiek gorpuzkera handiei zuzenduak dira, lanak zizelkatutako gorputz gihartsuei, hots. Martxan ezartzeko, alta, eskatzen dute jakitate hein bat, zeina lortzen baita ikastaro baten bidez. Eta ekonomikoki ez dira denen eskuragarri: 6.000 euroz goiti. «Industriako lanpostu gogorretako langileek dituzten baliatzen», zehaztu du ekoizleak.

Biziberritzeko berria

Baina Euskal Herrirat jin da marka berria sortzeko proiektuarekin: arina, denek erosteko gisakoa eta erabilerraza. Every exoeskeletoak partikularrak eta enpresa ttipietako langileak babestu nahi ditu bereziki.

Horregatik, bi izariko exoeskeletoak sortu dituzte: estandarra eta neurri ttipiagoko jendeari begira. Arantxak bigarren hori du baliatzen. 40 urte ditu, eta 1,60 neurtzen ditu. Dialisia klinikako erizaina da. Kontent mintzatu da: «Gertatzen zait hamar paziente ohetik besaulkira eta besaulkitik ohera lekuz aldatzea. Batzuk zinez pisuak dira. Kontuak egin ditut, eta kalkulatu dut egunka hiru tona mugitzen ditudala! Exoeskeletoari esker, pisua erdira apaldu zait. Aste bukaera oro nituen bizkarreko minak desagertu zaizkit!».

Eboluzio teknologikoa biziki hurbiletik aztertzen du Foixek, neurozientzietan aritu izan baita bizi guzian. Bere betiko ametsa aitortu du: mekanismo bat asmatu nahi zuen hizkuntza batetik bertzera aisa aldatzeko. Hein batean lortu da aplikazioei esker. Alta, bizi guzian jorratu duena izan da teknologia berriak eta bizi eta lan baldintzen hobekuntzak uztartzea. Mediku materialak izan ditu ardatz.

Horregatik joan zen Japoniara, han «beti abantzuan» baitira arlo horretan. Every exoeskeletoa han dute ekoizten, baina Miarritzen dute muntatuko eta diseinatuko: «Teknologia japoniarra eta euskal diseinua uztartuko ditugu. Euskal Herriko ekonomia berritzaile eta modernoan parte hartu nahi dugu. Euskara ere besapean hartuz, hizkuntzek hori ere behar dutelako: eboluzioarekin batera aitzinatu». Gaia biziki zaintzen du Foixek, bretoiera hamar urtez erakatsi baitu bere herrian eta euskara ikasten ari baita orain Miarritzen. Nahi du ekoizpena zinez euskalduna izan dadin: «Uste dut Euskal Herriak badituela bere baloreak gauzak mantentzeko eta lana eta harremanak hobetzeko. Euskaldunen bizi kalitatearen aldeko ekarpen bat da hau».

Gero ere, badu ideia merkatua hedatzeko «epizentrotik», baititu jada zernahi dei Kataluniatik, konparazione.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.