KRITIKA. Antzerkia

Anfitrion eta Sosias

Agus Perez.
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun

'Anfitrion'

Egilea: Moliere. Bertsioa eta zuzendaritza: Juan Carlos Rubio. Musika: Julio Awad. Eszenografia: Allen Wilmer, Leticia Gañan, Emilio Valenzuela. Argiak: Jose Manuel Guerra. Jantziak: Paola Torres. Mugimendu eszenikoa: Chevi Muraday. Antzezleak: Toni Acosta, Fele Martinez, Dani Muriel, Pepon Nieto, Maria Ordoñez, Paco Tous. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Martxoak 13.

Indarrean dauden mugapenak kontuan izanda, topera bete da Bilboko Arriaga antzokia Anfitrión-en emanaldiarekin. Mihi gaiztoek esango lukete Pepon Nieto aktore espainiarraren presentziarengatik izan daitekeela, baina nik nahiago dut pentsatu Moliere bat ikustearren hurbildu direla ikusle gehienak.

Antza denez, gaur egun ere Moliereren obrak beste edozein egilerenak baino gehiago antzezten dira Frantziaren menpeko eremuetan. Euskal Herriko hegoaldean, ordea, oso gutxitan dugu haren antzezlanak ikusteko aukera, normalean Madrildik datorkigulako antzerki klasikoa, eta han beren Urrezko Mendeari begira omen daudelako. Horren adibide dugu, nik dakidala behintzat, 2016an izan zela Hegoaldean Moliere bat ikusteko azken aukera Monsieur de Pourceaugnac lanarekin, Bilboko Arriaga antzokian.

Beraz, zorionekoak gara berriro haren beste obra bat ezagutu dugulako, oraingo hau opus minor-tzat jo daitekeen arren. Egia da komediagile handia bere azken etapan zegoela, tuberkulosiak jota eta Parti Devoteko indar atzerakoiek estututa, baina hala ere, geroago L'Avare eta Le Malade imaginaire bezalako maisulan batzuk idatzi zituen. Dena den, ezer ezin da Moliererengan minortzat hartu, eta Amphitryon-en ere maisutasunez maneiatu zituen komedia barrokoaren bertuteak Plautoren testua oinarri hartuta eta bere ezaugarrietara moldatuta.

Argumentuaren arabera, Jupiter Olinpotik jaisten da bere desira aseezinak Alkmenaren edertasunarekin baretzeko, haren senarraren —Anfitrion— itxura hartuta. Jupiterrek Merkurio dakar zerbitzari, eta azken horrek Sosiasen forma hartuko du —Anfitrionen morroia—. Bitxia da jakitea obrak lortu zuen arrakastaren ondorioz erabiltzen direla gaur egun —euskaraz ere bai— anfitrioi eta sosia hitzak gonbidatuen hartzailea eta beste baten antza duena izendatzeko, baina obra honetan atentzio gehien ematen diguna da pertsonaien arteko paralelismoetatik —Jupiter-Anfitrion, Merkurio-Sosias— egileak atera zuen komikotasuna, gaizki-ulertzeak, egoera alderantziz errepikatuak eta jaunaren eta morroiaren arteko solasaldi barregarriak tarteko.

Eszenaratzeari dagokionez, ezin izan dugu ulertu zer dela-eta paratu duten guztia garai bateko zirku itxurako kanpamentu batean, baina esan beharra dago txukuntasun osoz gauzatu dutela dekorazioa, eta etekin handia atera diotela dramaturgia dinamikoaren bilaketan, musika, argi eta jantzi politak lagun. Sei antzezleak, berriz, distiratsu ibili dira denbora osoan, protagonismo berezirik gabe —Pepon Nieto neurritsu bere jatorrizko histrionismoan— eta denak jakitun izanik muntaia handi eta eder baten parte zirela, ikusleek beren txalo beroekin onartu dieten bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.