Albistea entzun

EGUZKI EPELEAN

Gaitzesten dut

Saioa Alkaiza Guallar -

2019ko abuztuak 18

Sinesten dut otoitzaren moldaketa da paragrafo hau, estilo librean, errezu moduan irakur bedi: Gaitzesten dut. Gaitzesten dut Kapitalismo Heteropatriarkal ahalguztidun zeru-lurren suntsitzailea. Gaitzesten dut Haren Seme bakar Miseriazko Bizitza gure jauna, Estatu Burges Santuaren egitez sortu eta Andre guztien gorputzak kapitalaren azken mugarritzat hartu dituena. Gaitzesten dut Gaitzespen Santua, moral santu katolikoa, bazterkeriara kondenatzen gaituzten horien barkamena. Amen.

Bestelako, gomendioa, Gaitzespena, Jose Luis Otamendiren poema, Kapital Publikoan; zatitxo bat, kaskezurrean iltzatua: «Gaitzesten ditut trafiko ezbeharrez gertatzen diren heriotzak/ lanean gertatzen diren heriotza guztiak gaitzesten ditut/ gaitzesten ditut genero indarkeriak/ gaitzesten ditut luiziek, erauntsiek, uholdeek eta naufragioek, lurrikarek eta gerrek eragindako hilketak[…]». Eta, olerki amaieran: «eta azkenik, gaitzesten ditut/ ni bezalako gaitzesleen gaitzespen hipokritak/ ekidin edo borrokatu daitezkeen gertaera tamalgarriak/ gure gaitzerizko epelarekin estaltzen ditugulako behin eta berriz».

Ekintzaren bat (normalean jendaurrean edo agerian egindakoa) txartzat edo zigorgarritzat hartzea da gaitzestea. Halaxe definitzen dute. Berriak irakurtzerakoan, antzerki politiko-eklesiastiko bat imajinatzen dut «hau eta beste gaitzetsi dute» entzuten dudan aldiro: sotanadun apezak moralaren zaintzan, Ongiaren aldaretik, Egiaren izenean. Ezin diot utzi marrazki bizidun itxuran imajinatzeari: nik punitibismoa Donde viven los monstruos liburuko izaki iletsu eta handi horietako baten antzera irudikatzen dut, zurikeriaren haitzuloan sartuta, eta Gaitzespena deitzen den kreatura txiki bat lurrean, goxo, jabearen oinetan, azala atzeraka tenkatuaz zigorraren eskuak laztantzen duen bitartean, txakur otzanena pertsonak ukitzerakoan nola.

Gaitzespena 781 aldiz erabili da BERRIAn, bilatzailean egindako tekleatze azkarraren arabera; gaitzesten hitza 43 alditan, gaitzespena, aldiz, 33tan. EITB taldeko bilatzaileak dioenez, haiek 7.000 alditan baino gehiagotan erabili dute. Argia-k: gaitzetsi, 409; gaitzesten, 113; eta gaitzespen, 75 bider. Uler bedi ez direla emaitza konparagarriak algoritmoak eta denbora tarteak direla eta. Nor da nor zer gaitzesteko eta zerk egiten du zer gaitzesgarri? Zer gaitzetik libratuko gaitu gaitzespenak? Arrainik ez, eta Gaitzespen bat oparituko dizut nola hazten den ikusteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.