Maiatzaren Lehena

Lanuzte deialdiak ugarituz doaz, eta lan hitzarmenak izoztu egin dira

Arabako metalean greban hasiko dira aurki. 110.000 langile ditu sektoreak Araba, Bizkai eta Nafarroan, eta denak daude berritzeko

Arabako metaleko langileen protesta bat. Grebak hasiko dira hil honetan, sektorean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Hitzarmenak KPI handiaren arabera berritzeko negoziazio konplexuan, metalaren sektorea da urte hasieratik sindikatuek eta patronalak duten jokalekurik ikusgarriena. Araban, hiru greba egun erregistratu dituzte sindikatuek, SEA patronala «mugiarazteko»: maiatzaren 18an, 24an eta 26an; eta Bizkaian, gero eta urrunago daude aldeak, eta gero eta gertuago mobilizazio handiak, ELAk eta LABek ohartarazi dutenez. Nafarroan ere berritzeko dago hitzarmena, eta negoziazioa oso motel doa. 110.000 behargin biltzen ditu sektoreak hiru lurralde horietan.

Ia izozturik geratu da negoziazio kolektiboa, eta egoera hori baizik ez du islatzen langile gehien biltzen dituen sektore handiak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa aztertzen ditu Lan Harremanen Kontseiluak, eta hark jakinarazi du urteko lehen zatian ia ez dela akordiorik egin. Nafarroan ere, gutxi batzuk besterik ez dira adostu. Iazko inflazio handia (%6,4) traba handiegia bihurtu da sektore gehienetan, eta greba hotsa gero eta ozenagoa da.

«Patronalak bere jarrera prekarizatzailea aldatzen ez duen bitartean, gure esku dagoen guztia egingo dugu gatazka kopurua handitu dadin. Erabat sinistuta gaude hori dela patronalek ulertzen duten hizkuntza bakarra, zoritxarrez». Pello Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradunak sindikaturik handienaren estrategia marraztu du: «Greba Kutxa indartu egin dugu grebei behar beste eusteko. Argi dugu greba gehiago beharko direla, eta batzuk badaude martxan: Bizkaiko merkataritzan eta garbikuntzan, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako zahar egoitzetan eta Arabako metalean, adibidez». Uda aurretik beste sindikatuekin greba gehiago adostu ahal izatea espero du ELAk, haren arabera, 541.600 langile prekario baino gehiago daudelako Hegoaldean. «Ez litzateke batere sanoa izangoerantzunik ez ematea».

Azpiko inflazioaren azpitik

Oso bestela ikusten du CCOO-Euskadiko idazkari nagusi Loli Garciak negoziazio kolektiboaren blokeoaren arduraren auzia. «Krisi honen aurrekoa da Euskadin dagoen blokeoa. Gure herrian sindikaturen batek defendatzen duen eredu sindikalarekin dauka lotura, soilik enpresaren alorrean egiten duelako negoziazio kolektiboaren alde, eta lurraldeko eta erkidegoko sektoreak abandonatu egiten dituelako. Jokalekuhorretan, milaka langile bazterrean uzten dira, enpresa itunik ez dutelako». Aipatu gabe, ELAri egosten dio negoziazio kolektiboa «abandonatzea», baina euskal sindikatu nagusia sektoreko azken akordio handietan egon da.

Apirilean, %8tik gorakoa izango da inflazioa Hego Euskal Herrian, eta azpiko inflazioa %4,5 inguru, Espainiako KPI aurreratuari jarraikiz, eta, garestitze horri aurre egiteko, itunpeko batez besteko soldata igoera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, %3,85koa izan zen otsailera arte, LKHren arabera. Euskal Herrian egindako akordioei dagokienez (64.694 langile), %4,99 izan zen batezbesteko hori. Nafarroan, ez dago soldata igoera handiagorik, eta,beraz, agerikoa da erosteko ahalmena galtzen ari dela jadanik.

LABeko analisi alorreko arduradun Oihana Lopetegirentzat, egoera «oso larria» da. «Lan hitzarmen asko daude blokeaturik sektore feminizatuetan; azpikontrata dira asko, eta haien lanaren aitortzarik ez dago, patronalari eta administrazioari dagokienez». Blokeoaren arrazoiak askotarikoak dira, Lopetegik dioenez: ratioen hobekuntzaren beharra, soldata oso apalak.... «Eta, orain, arazo horiek guztiei gehitu behar zaie patronala eta ardura politikoa dutenen posizioa, KPI handiaren harira». Azken abisu bat ere eman du LABeko ordezkariak: «Jarrera horiek aldatu ezean gatazkak areagotu egingo dira, borroka indartu beharra izango baitugu akordioak lortu ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.