'Brexit'-a. Mayren B plana

Erresuma Batuan gelditu nahi duten EBko etorkinak izena ematen hasi dira

Guztira Europako Batasuneko 3,5 milioi biztanlek egin beharko dute baimena lortzeko prozesua

Europako Batasuneko etorkinen eskubideen aldeko protesta bat Londresen, artxiboko irudi batean. ANDY RAIN RAIN / EFE.
mikel rodriguez
2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Erresuma Batuak atzo hasi zuen EB Europako Batasuneko bertze herrialdeetako etorkinen egoera arautzeko prozesua. Bi hilabete falta dira brexit-a indarrean sartzeko, baina herritar horiek 2021eko ekainaren 30era arteko epea edukiko dute Erresuma Batuan bizitzeko baimena eskatzeko. Gobernuaren arabera, lehenbiziko egunean 30.000 baino gehiagok egin dute eskaera, eta iaz hasi zen programa pilotu batean bertze 3.000 inguruk izena eman zuten. Guztira EBko bertze herrialdeetako 3,5 milioi etorkin inguru bizi dira Erresuma Batuan, Irlandako Errepublikakoak kontatu gabe.

Izan ere, herrialde horretako etorkinei bi estatuek 1923tik indarrean duten akordio bat aplikatuko diete. Erresuma Batuko estatistika bulego ofizialaren arabera, Irlandako Errepublikako herritarrak hirugarren komunitaterik handiena dira; 350.000 inguru dira, herritartasun bikoitza dutenak kontuan hartu gabe. Izan ere, Ipar Irlandan herritar anitzek dute bi estatuetako pasaportea, eta Britainia Handian bizi diren irlandar etorkinen ondorengo anitzek ere biak dituzte.

Atzerritar gehienak Poloniako herritarrak dira —milioi bat inguru—, eta horien gibeletik Errumaniakoak —411.000—. Bi herrialde horietako herritarrek, EBko bertze 24 estatutakoek bezala, tramite bat bete beharko dute Erresuma Batuan zein egoeratan eta noiztik bizi diren egiaztatu, eta gelditzeko baimena eskatzeko. Prozesu hori elektronikoki egin dezakete, edo telefono mugikorreko aplikazio baten bidez.

Baimena lortzeko gakoa data batean eta epeetan dago. Erresuma Batuko Gobernuak baldintza nagusi bat paratu du bizitzen gelditzeko baimena lortzeko: gutxienez 2021eko ekainaren 30era arte bortz urtez jarraian herrialdean bizi izatea. Hau da, gutxi gorabehera, gutxienez brexit-ari buruzko erreferenduma egin zenetik —2016ko ekainaren 23an egin zuten—. Horiek estatus berezi bat lortuko dute: Ezarritakoak. Baina Londresek hitzeman du EBko etorkinen egoerarekin malgua izanen dela, eta bertan bortz urte baino gutxiagoz bizi izan direnek ere tramitea bete ahalko dute; 2021eko ekainaren 30eko epea gainditu eta bortz urtetako langara ailegatu ondoren, horiek ere ezarritakoen estatusa lortuko dute. Estatus horrekin edukiko dute bertako herritarren eskubide berbera zerbitzu publikoak jasotzeko —osasuna eta hezkuntza, errate baterako—.

Malgutasun horren bertze adierazle bat izan da Theresa May lehen ministroak atzo Komunen Ganberan egin zuen iragarpena. EBko etorkinek egoera legeztatzeko egin behar duten tramiteak kostu bat du —73 euro 16 urte baino zaharragoak direnentzat, eta 37 euro gazteagoentzat—, baina Mayk hitzeman zuen tasa hori kendu eginen dutela. Hurrengo martxoaren 30etik —brexit-aren lehenbiziko egunetik— aitzinera ez diote inori kobratuko, eta ordura arte egin dutenei dirua itzuliko diete.

EBko etorkin batzuek the3million elkartea —hiru milioiak, ingelesez—sortu zuten haien eskubideak defendatzeko, eta tasa horiek kentzeko eskatu zioten gobernuari. Lehen ministroak eskaera onartu du, erran duenez, ez duelako nahi EBko etorkinek «finantza eragozpenak» izatea Erresuma Batuan bizitzen jarraitu ahal izateko. Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruak ontzat jo zuen tasak kentzea.

Mayk adierazi zuen hurrengo egunetan azalpen gehiago emanen dietela EBko etorkinen egoeraren inguruan. Ez dago argi akordiorik gabeko brexit batek nola eraginen liokeen Londresek planteatutakoari, eraginen balio.

Lanak Eurotunelean

Alde gehienek eragotzi nahi duten aukera da martxoaren 29an brexit-a akordiorik gabe indarrean sartzea, inork ez baitaki zehatz-mehatz zein izan litezkeen horren ondorioak. Datara hurbildu ahala, gero eta gobernu eta konpainia pribatu gehiago ari dira argitaratzen zein neurri hartu dituzten agertoki posible horri aurre egiteko. Frantziako Gobernuak 23 milioi eurotako «kontingentzia plan bat» prestatu du, eta, plan horri jarraiki, atzo lanak hasi zituen Britainia Handia eta kontinentea lotzen dituen Eurotunelean. Bertzeak bertze, animalien eta elikagaien garraioa kontrolatzeko postuak eraikitzen hasi zen.

Ipar Irlandako mugaren auzia konpontzeko beste ahalegin bat egingo du Theresa Mayk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.