Koronabirusa. Hondartzak. Gilen Garcia Boyra. Debako alkatea

«Zama herrien gainean jartzen baldin bada, ito egingo gara»

ANDONI CANELLADA / FOKU.
jakes goikoetxea
2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Hondartza da Debaren (Gipuzkoa) udako erakargarritasun eta erakusleiho nagusia. Buruhaustea eta zama ekonomikoa ere bai udal arduradunentzat. Are gehiago orain, eskaintza COVID-19 izurriteak eragindako segurtasun premietara egokitu behar dutelako. Baliabide gutxiagorekin eta ardura handiagoarekin. Gilen Garcia alkatea (Durango, Bizkaia, 1987) abaildu antzera dago.

Deba, 5.500 biztanle inguru. Udan zenbat izaten dira?

Herrian 600 bat etxebizitza huts dauzkagu, eta udan bete egiten dira. Horiei egunero etortzen direnak gehitu behar zaizkie.

Kostaldeko herria. Hondartzarekin. Bisitariz gainezka. Sekulako pagotxa udalarentzat.

Ez. Udalari kostu gehiago eragiten dizkio irabaziak baino. Baina turismoa erakartzen du, herriari sona ematen dio... Ingurune natural babestu bat da, zaindu beharrekoa, eta ezinbestekoak dira giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak. Udalerri txiki batentzat zama handia da.

Eta TAO bidez bildutako dirua?

Diru horrek TAOko langileak eta makinen alokairua ordaintzeko ematen digu. Ez da negozio bat.

Sorosleak ere udalak ordaintzen ditu?

Gipuzkoan bai. Bizkaian ez. Udal txikienen kasuan zama oso handia da. Aspalditik eskatu diogu aldundiari, Bizkaian bezala, bere gain har ditzala. Aukera bat da Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik ordaintzea. Azkenean, edozein naturgune bezalakoa da, eta kudeaketa ez da soilik udalerriarena, gipuzkoar guztiena baizik.

Koronabirusaren osasun krisia kudeatu behar duzue, baliabide gutxiagorekin.

Sekulako kolpea izan da, %25eko murrizketa egin dugu aurrekontuetan. Bereizi behar izan dugu ezinbestekoa zer den eta zer ez, eta badirudi hondartzena ezinbestekoen multzoan sartzen dela.

Neurri bereziak hartu beharko dituzue udan. Gastu gehiago?

Baliabide gehiago exijitzen dizkigute, esaterako, jende kopurua kontrolatzeko. Berez zailtasunak baldin baditugu sorosleak kontratatzeko, pentsa hondartzako gastua handiagoa bada.

Segurtasun edo kontrol neurri zehatzik erabaki duzue?

Ez, oraindik ez.

Zer moduz joan da Hondartzen Lurralde Mahaiaren gaurko (atzoko) bilera?

Ikuspegi bateratuagoa lortu dugu, baina mahai gainean daude oraindik ere jende kopurua kontrolatzeari buruzko zalantza nagusiak. Elkarlana asko aipatu da, baina ikusi beharko dugu nola gauzatzen den ekintzetan.

Jende kopurua kontrolatu beharko duzue.

Besteek jende kopurua kontrolatzea erabakitzen badute, behartuta gaude. Badirudi hori eskatzen digutela. Gure zalantza da ea ekonomikoki jasan ahalko dugun eta osasun eta segurtasun irizpideak bermatuko ote ditugun. Zama herrien gainean jartzen bada, ito egingo gara. Itolarria sentitzen dugu. Azkenean, gure baliabideak oso urriak dira, eta inork ez dizkigu baliabideak ziurtatu.

Donostiak eta Zarautzek neurri zehatzak iragarri dituzte.

Haiek hori egiteak gu behartu egiten gaitu nolabait. Presioa sortzen digu; nik behintzat presio handia sentitzen dut, ikusten dudalako gure jardunaren parte handi bat honi eskaintzen diogula, beste gauza garrantzitsu asko baditugu ere. Azkenean, eguraldi ona egiten baldin badu, makrokontzertu jendetsu bat antolatzearen parekoa da, 10:00etatik 20:00etara.

Eta herritarren ardura?

Denok kokoteraino gaude egoera honetaz, eta jendearentzat hondartzak ihesbide bat dira; baina arazoen gune ere bihur daitezke gauzak ondo egiten ez badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.