«Ausardia politiko» eske Parisi

Hiru adituk Urrutikoetxearen auzian jarrera aldaketa eskatu dute. Gaur izanen du lehen epaiketa

Josu Urrutikoetxea, 2002an, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Andy Carl Conciliation Ressources erakundearen sortzaileak, Veronique Dudouet US Institute of Peace erakundeko ikerlariak, eta Jean Marie Muller filosofo, idazle eta MAN Bortizkeriarik gabeko Alternatiba baten aldeko Mugimenduaren sortzaileak uste dute Frantziak Josu Urrutikoetxearen kasuan «ausardia politikoa» erakutsi beharko lukeela. Hala idatzi dute Le Monde Frantziako egunkarian, iritzi artikulu batean. Hain zuzen, gaur goizean izanen du Urrutikoetxeak, Parisen, aurreneko epaiketa, Dei Auzitegian, ETAko zuzendaritzakide izatea egotzita. 2010ean zazpi urteko kartzela ezarri zioten, baina Urrutikoetxea sasian zen, eta joan den maiatzaren 16an atzeman ondotik eskatu du berriro epaitzeko. Hilaren 28an izanen du beste epaiketa bat, Parisen hori ere.

Urrutikoetxeak euskal gatazkaren konponbide prozesuan izandako egitekoa azpimarratu dute Carlek, Dudouetek eta Mullerrek, eta haren kasuari «konponbide alternatibo bat» aurkitu behar zaiola iradoki. «Duela 30 urte iragandako ekintza bortitz batzuetan fokalizatutako ikuspegi penal soila lehenetsiz, eta gerra logikatik ateratzeko egindako indarrak aitortzea errefusatuz, bukatu gabeko bake prozesu horretan ausardia eta lidergoa erakusteko aukera erabakigarri bat galtzen du Frantziako Gobernuak».

Hiru adituen hitzetan, Urrutikoetxearen auziak galdera delikatu bat sortzen du Frantziarentzat. «Nola babestu euskal gatazkatik ateratzeko trantsizioa, iraganean burututako ekintza bortitzen larritasuna, eta, egia, justizia, eta erreparazioa eskuratzeko biktima ororen eskubidea aitortuz?». Erantzun garbirik ez badute ere, borroka bortitzetik politika baketsura trantsizioa eraman dutenen «kriminalizazioa», «etikoki problematikoa» eta «estrategikoki kontraproduktiboa» dela iritzi diote. Urrutikoetxea askatzeko eskatzen dutenek ideia hori defendatzen dutela nabarmendu dute idatzian.

Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuaren berezitasuna azpimarratu dute, halaber, ez delako «garaipen militar baten edo bake akordio batzuen ondorioa». Konponbidea lortzeko, protagonista nagusiek paradigma aldaketaren alde egin behar dutela diote, gatazka «desmilitarizatuz» eta «etsai ohiekin» elkarrizketa zintzo bat bilatzeko. «Orokorrean, egitura militanteen armagabetzea eta desegitea dakartza berekin, estatuen borondate oneko keinuen ordainez; baita preso politikoen askatzea eta gudari batzuentzat amnistia ere, errekontziliaziorako eta iraganeko kalteak aitortzeko engaiamendua hartzen badute».

Mezu arriskutsua

Euskal Herriko kasua «desberdina» izan dela idatzi dute Le Monde-n, konponbide negoziatu batera iristeko saiakera antzuen ondotik —Urrutikoetxeak horietan izandako leku zentrala azpimarratu dute—, alde bakarreko bidearen hautua egin eta estrategia aldaketa gertatu zela azalduta.

Frantzia eta Espainiarekin konponbide negoziatu batera iritsi gabe, parekoari maila bereko urratsak eskatzea zaila dela azpimarratu dute, baina, jarrera aldatu ezean, Frantziako Gobernuak mezu «arriskutsu» bat bidal dezakeela deitoratu dute: bakea «indarrez baizik» ezin dela eraiki. «Justizia trantsizionala zaila da eraikitzen segurtasun eta justizia baliabideak soilik erabilita. Frantziako iritzi publikoari dei egiten diogu bere gobernuaausardia politikoa izatera bultzadezan, euskal gatazkaren konponbidean traba egiten dutenazken oztopoak konpontzeko lan egin dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.