Albistea entzun

Literatura. 'Udaberria sutan'

Mikrotasuna

Idazlea: Joxemari Iturralde. Argitaletxea: Pamiela.

Nagore Fernandez -

2021eko azaroak 28

Haikuek literatura japoniarrean dute jatorria. Laburtasunak definitzen ditu: hiru bertso lerroko konposizioak dira, eta gehienez ere hamazazpi silabaz osatuta egon daitezke, bost-zazpi-bost hurrenkeran, hain zuzen. Hamazazpi silaba unibertso oso baterako, errealitate bakar bat deskribatzeko, iritzi bat emateko. Joxemari Iturraldek istorio bat ez, ezpada ia ehun ehundu ditu bere azken poesia antologian: Udaberria sutan (Ia ehun haiku). Antologia diot, Iturraldek jada idatzita duen Mila haiku eta bat gehiago - Mil y un haikus obra elebidunetik jaio baita azken hau. Eta idazleak argi dio: «Nik idazten ditudan haikuek tradizio japoniarrean oinarritzen diren funtsezko hiru arauak betetzen dituzte». Bost-zazpi-bost hurrenkera metrikoa jarraitzeaz batera, konposizioek ez dute errimarik, eta guztiak biltzen dira motibo baten inguruan: kigo, urtaro-hitza. Azken hau askatasunez ulertu da lanean, eta urtaroak ez ezik, naturarekin zerikusia dutenak ere bildu dira multzo honetan. Horrela bada, irakurleak ez du aurkituko urdinez jantzitako neskatxarik orriotan, kolore anitzeko udaberriak baizik, berdeagoak, arreak, gorri-biziak eta beltzak, sutan direnak, eta duela asko itzali direnak, joandakoak.

Errimarik gabeko poema hiperlaburrak direla zehaztu dugu gorago, baina errimarik ez izateak ez du esan nahi, inondik ere, erritmorik ez dutenik. Guztiz konposizio biziak aurkituko ditu irakurleak, eta bisualak: haiku bakoitzak irudi bat eskaini dit, argazki edo pintura erakusketa batean egongo banintz bezala, koadroak eta argazkiak irakurri ditut etengabe. Batzuk (mordo bat, ausartuko naiz esatera) kontrastez eraiki ditu Iturraldek: lehen bi bertso lerroek egoera dakarte; azkenengoak aurreko guztiaren antitesia. Besteetan, deskriptiboak dira guztiz: lehenengo bietan ingurumaria deskribatzen da; hirugarrenean, definizio bat bailitzan, aurreko lerroetako azalpenari dagokion kontzeptua. Badira haiku nahiko metaliterario-metapoetikoak ere, gutxiengoa diren arren. Tropoz, sinboloz eta konparazioz jositako obra honek, baina, aurrez aurre jartzen ditu maiz protagonista nagusiak: «zu» dioen ni poetikoa eta natura. Bi-biek loturak eraikitzen dituzte, eta bidean nostalgiko begiratzen diote bigarren pertsona gramatikalari, joandakoak, urrun dagoenak, galdutakoak, ahaztutakoak duen begiradatik eta tonutik dihardute. Alde horretatik, nahiz eta paleta guztiaren polikromia aprobetxatu, idazleak kolore pastelen aldeko hautua egin duela iruditu zait, itzalitako ñabardurekin, itzalitako gomutekin.

Narratibitatea deitzen den horretatik oso urrun dauden arren, Iturraldek bildu dituen haikuek asko dute mikroipuinetatik, genero hiperlabur horretatik. Mikro-ak dira idazlearen proposamen poetikoak, mikrofikzioak, mikroerrealitateak, mikropoemak. Testuak zenbat eta laburragoak izan, hainbat eta handiagoa izaten da irakurleari eskatzen zaion konpromisoa. «Espektatiben horizontea», esango lukete harreraren teoria maite dutenek. «Hutsuneak bete», irakasle tradizionalenek. Guztiarekin ere, askatasuna dakarte idazlearen hitzek; imajinatzeko eta jolasteko askatasuna.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

dFeria jaialdiko antolatzaile eta sustatzaileak, gaur, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpen agerraldian. ©Iñigo Uriz / FOKU

Oreka izango du ardatz aurtengo dFeria jaialdiak

Alex Uriarte Atxikallende

Arte eszenikoen dFeria jaialdia martxoaren 14tik 17ra bitartean egingo dute, Donostiako hainbat agertokitan. Festibala hasi baino bi egun lehenago, ‘pre-feria’ izeneko egitarau berezia izango da.

Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. ©Marisol Ramirez / Foku

Lautan Hiru antzerki jaialdia egingo dute laugarrenez Bilboko Zazpikaleetan

Olatz Enzunza Mallona

Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, Zazpi Katu gaztetxeak eta Bira kulturguneak antolatu dute egitaraua, elkarlanean, eta otsailaren 3an abiatuko da.

Antso Jakituna erregea eta Benjamin Tuterakoa bidaiaria elkarrizketan, Tuterako gazteluko ganberan. ©IÑAKET

Mundua Tuteratik zeharkatzea

Iñigo Astiz

Mikel Begoña gidoigileak eta Iñaki Martinez 'Iñaket' marrazkilariak XII. mendeko Nafarroa multikulturala irudikatu dute 'Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta' komiki liburuxkan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.