«Probokazio puntu bat badu, baina ez dago errealitatetik hain urruti ere»

Askotariko elektronika baseak oinarri, Chill Mafiak hamar kantuko 'mixtape' bat jarri du sarean entzungai: 'Ezorregatik X berpizkundea'

itziar ugarte irizar
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Kantuen izenburuek eurek aurreratu dezakete zer dakarren Chill Mafiaren lehen mixtape-ak. Hamar kantu dira, eta hona zerrenda: Zure kebapa (Tatxersekin), Gazte arruntaren koplak, Hire mixeria, Cicatriz.mp3 (Ben Yartekin), Atzerrian (Erramun Martikorenarekin), Marmitako X Punki Reggae Party, 31014, Papi, Doraimon eta Ay que emocion. Orain arte ondu dituzten kantuen bilduma da, eta denak dira «ehuneko ehun» eurek ekoitzitakoak. Rodriguezen logelan bertan.

Trapa, rapa, reggaea, reggaetona... estilo askotarikoen arteko zeharkaldia da diskoa; entzuten dutenaren itzulia. Rodriguez: «Iruñean eszena guztiak ukitzen dira, traperoena, raperoena... Guk sound system batean ezagutu genuen elkar; maite ditugulako ateratzen zaizkigu genero horiek».

Auzo bizitzaz, gazteen etorkizunik ezaz, umetako kaleez, drogez eta bestez ari dira haien kantuak. «Ez gara saiatzen gai konkretuak ekartzen: natural ateratzen zaizkigunak dira», diote. Euskaraz eta gaztelaniaz ari dira, eta euren «errealitatea» halakoa delako kantatzen dutela ele bitan dio Rodriguezek. Gehiago ere esan du: «D ereduko gaztetxoak gara gu, periferiakoak. Euskal musikan ez dugunak lekua topatu, ez artista bezala, ez entzule bezala. Horregatik ere hasi gara musikan».

Eszena berritzeagatik

Jarrera hori erakutsi nahi du, hain zuzen, mixtape-ari eman dioten izenburuak: Ezorregatik x berpizkundea. Ez horregatik, euskal eszena berritzeagatik. «Esan digute euskal musika itzalita dagoela esaten badugu ezagutzen ez dugulako dela, Badok deskargatu beharko genukeela. Baina kontua da gure sotoetan eta gure plazetan ez dela hori entzuten. Eta hori ezin zaie gazteei indarrez sartu». Izan duten arrakasta «euren moduko gazteak» ugari direlako izan dela uste dute. «Izenburuak badu probokazio puntu bat, baina ez dago errealitatetik hain urruti ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.