KRITIKA. Donostiako 84. Musika Hamabostaldia

Kontraste goibelak eta distiratsuak

Marta Garcia
2023ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Chamber OrchestraOf Europe

Zuzendaria: Daniel Harding. Egitaraua: L. V. Beethovenen Coriolano obertura op. 62 eta4. sinfonia op. 60, eta J. Sibeliusen4. sinfonia op. 63 eta Pelléas et Mélisande suite op. 46.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuak 8.

Europako Ganbera Orkestraren ibilbidea ez da kontinenteko beste orkestra handienena bezain luzea, baina goi mailako zuzendariak izan ditu 40 urteko historian. Musika Hambostaldira ekarri duen programak, azken egunotan beste hainbat musika jaialditan ere aurkezten ari dena, aukera ematen zuen ehun urteko historiak artean eta gizartean sortu zituen aldaketak antzemateko.

Coriolano oberturarekin ireki zen kontzertua, Beethovenek Heinrich von Collinen Coriolan antzerkia oinarri hartuz konposatu zuena. Cayo Marcio Coriolano militar erromatarrak gidatutako setioa eta erretira kontatzen dira bertan, Plutarcok Bizitza paralaeloak obran jasotzen duena, besteak beste. Lehen erromantizismoak goretsitako heroi figuraren inguruan, hala, bi gai garatzen ditu Beethovenek, orkestrak modu argian azaleratu zituenak: indarra eta errukia. Ondoren, Jean Sibeliusen 4. sinfoniak kutsu lasaia eta, tarteka, goibela duen giroan sartu gintuen. Izatez motela, tonalitateen anbiguotasunean orkestra bera opakua agertu zen, zama bati tiraka ari balira bezala. Hala ere, kontrabaxuen soinu betea eta oparoaz gozatzeko une bereziak sortu ziren.

Denera, kontzertuaren bigarren zatia garbiagoa suertatu zen, orokorrean, Beethoven eta Sibeliusen obren arteko kontrasteetan murgiltzeko. Pelléas et Mélisande suite-an, orain bai, orkestraren koloreak eta Hardingen gidaritzaren xehetasunak azaleratu ziren guztiz, hariak beti trinko. Pastoral-ean, esaterako, lirismo handiko pasarteak eskaini zituen haizeen sekzioak; aipamen berezia oboearentzat, Mélisande zatian fraseatze ederrak oparitu baitzituen.

Amaitzeko, Beethovenen4. sinfonia, Coriolano oberturarekin batera 1807an lehen aldiz eman zena, orkestraren distiraz eta norabide zentzuaz ohartzekoa izan zen. Soinu maila desberdinak beti zainduz, sekzioen arteko oreka mantenduz, dinamiken bidez harmoniaren eta melodiaren hariak tenkatuz, Beethovenen musikaz espero daitekeen guztia egon zen taula gainean. Ni, besaulki hutsei zergatia ezin aurkitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.