Kanariak. Arrazakeria. Miren Koldobike Velasco. Soziologoa

«Egungo migrazio politika arrazista da, eta horrek ondorioak ditu»

Kanarietan pairatzen ari diren migrazio krisiak arrazismoa eta xenofobia areagotu dituela uste du Velascok, eta politiketan bazterketa baino ez direla ari garatzen: «Indarkeria egoera bat da hau, eta giza eskubideak urratzen ari dira».

BERRIA.
Jone Bastida Alzuru.
Las Palmas
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Las Palmasko d'Espacio Kafea zentro sozial autogestionatuan hartu du BERRIA Miren Koldobike Velasco Vazquezek (Las Palmas, Kanariak, Espainia, 1970). Hausnarketa sakona egin du uhartean lehertu den migrazio krisiaren inguruan, eta baldintza lazgarriak salatu ditu.

Migrazio krisia dago Kanarietan. Zer irizten diozu?

Lurralde honetan sufritzen ari garena espektakulu ikaragarria da: eskubideen eta askatasunen falta izugarria. Nolabait, Kanarietako lurraldea bizitzen ari denaren isla da, dituen ezaugarri sozial, ekonomiko eta politiko eta militarrengatik. Bestalde, mugek duten zentzu horren errefortzu bat da: hots, boterearen tresna bat dela, aberastasuna metatzeko mekanismoei eusten diena, esku gutxitan banatuta; esplotaziorako kate globala betikotzen du.

Kanarietan beste elementu garrantzitsu bat ere ikusten ari gara: zein erraza den negozio baten erdigunea izatea, eta mugak hala dira: alde batetik, segurtasunarena, eta, bestetik, gerren negozioarena. Armak egin eta saltzen dituenaren industria bera da. Enpresa berak daude mugetako kontrolaren eta segurtasunaren eraikuntzaren atzean.

Hor dago negozio humanitarioa ere. Ikusten ari garenaren isla da, Blanca Garces egileak dioen bezala, muga espektakulua. Eskubiderik ez dagoen espazio batzuk daude, askatasunik gabeak. Eta mugako espazio hori salbuespen demokratikoko espazio bat da.

Kezkatzen zaitu egoerak?

Egoera benetan kezkagarria da. Indarkeria egoera bat da hau. Eta, horren barruan, giza eskubideen urraketa larriak egiten ari dira, oinarrizko askatasunarenak; ikaragarriak. Horrek egiten du gizateriaren proposamen garrantzitsuenek balioa galtzea. Eta etsaiaren eraikuntzari bide ematen ari zaio. Etsaiaren eraikitze horrek zera egiten du: ulertarazi migratzen duten pertsonak pagaburuak direla, gaitz guztien eragileak direla.

Garrantzitsua da testuinguruan kokatzea. Okupatutako Saharatik 97 kilometrora gaude, eta Europako kontinentetik 2.000 pasara. Sarrerako ate bat gara. Bizitzen ari garen testuinguruan, zortzi uharte gara, 2,1 milioi biztanle dituena, eta joan den urtean ia hamasei milioi turista hartu zituena.

Aldiz, adierazten da 20.000 migratzaile jasotzeagatik, antza, kolapsatuta dagoela. Begirada hori baliatzen dugu uste dugulako oso grafikoa dela argazki horretan planteatzen den arrazakeria instituzionala. Turismoaren eskura, bitarteko, aukera eta baliabide guztiak daude; oinarrizko giza eskubideen gisako elementuetarako, aldiz, ez dago ezer.

Politika sozialen hutsunea dago?

Kanarietan hiru pertsonatik bat baino gehiago pobreziaren bueltan bizi da, gabezia material larriarekin, eta etxeko guztiak langabezian daudela. Ez dute inbertitzen politika sozialetan. Kolapsoa da iristen direlako gizarte pobretu, esplotatu, prekarizatu batera. Kanarietako bost aberatsenek bost milioi euro gastatu ahal dituzte egunero, eta lotuta daude turismoko, eraikuntzako eta garraioko enpresekin. Bizi garen desberdintasun ageriko horren erdian, migrazioen inguruan planteatu beharreko kontzeptu garrantzitsua da Kanariak paradisu militarizatu bat direla.

Uhartedia Europako defentsaren geoestrategiaren erdigunea da, eta militarizazioak Afrikako kontinentean gerra prestatzen laguntzen du. Eta Espainiako Gobernuaren operazio militarren artean, mugaren militarizazioa dago. Kontu horrek ere asko kezkatzen gaitu. Material militarra ematen da, eta militarizazio ariketa horren helburua da inork ez ikustea Kanarien gisako lurralde bat, ustez Europako Batasunaren barruan dagoena, giza eskubideen urraketa larri horietara heltzen dela.

Bestalde, mugen militarizazioak berekin ekarri du migrazio ibilbideak aldatzea. Orain Atlantikora jotzen da, zeina zeharkaldi hilgarrienetako bat den. Uste da urtero 700 pertsona baino gehiago hiltzen direla; eta askoz gehiago dira itsasoan desagertu direnak; baita basamortuan hil direnak ere. Beraz, Kanarietarako migrazio ibilbidean gutxienez bi hilketa daude egunero mugetako migrazio politiken ondorioz.

Uste duzu migrazio krisi honekin arrazismoa eta xenofobia areagotu direla?

Honek berekin ekarri du arrazakeria estrukturala eta instituzionala sakontzea: Atzerritarren Legea, Espainiako Konstituzioko artikulu batzuk, Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak, deportazioak... Elementu horiek guztiek, egiaz, hauxe egiten ari dira: mugetan dagoen errepresio eta indarkeria egoera hori sustatu edo indartu. Eta horrek egiten du bizitzen ari garen egoera ikaragarri hau planteatzea.

Protestak egon dira migratzaileen aurka. Diskurtso arriskutsuak dira?

Bai, noski. Arrazismoaren kontua oso arriskutsua da. Egiturazko arrazakeriak eta arrazakeria instituzionalak, bere mekanismoekin, giro bat baimentzen eta sortzen du arrazakeria sozialaren diskurtsoa legitimatzen duena, eta hori elikatzen du. Espainiako Gobernuak planteatzen du immigrazio irregularra mehatxu bat dela: terrorismoarekin lotuta dagoela, klima aldaketarekin eta halako arazoekin, gerrekin...

Nola asmatu daiteke hori? Horrek sortzen eta laguntzen du diskurtso erraz hori eraikitzea, pobreziaz betetako egoera batean. Horrela, despolitizatu egiten da egoeraren analisia. Eta, nolabait, erantzukizunen utzikeria eta esku garbiketa dago Espainiako Estatuaren aldetik.

Ez da ahaztu behar pertsona horiek muturreko egoeretatik ihes egiten ari direla.

Hori da. Batzuetan, ezabatu eta ahaztu egiten da migratzea ez dela delitua. Baina borroka egin beharko genuke ez bakarrik migratzea ez izateko delitu bat, baizik ez izateko derrigorrezkoa.Pertsonek eskubidea izan beharko lukete migratzeko nahiz ez migratzeko. Ariketa horretan, jende gehiena dator nahitaezkoa duelako. Ez bakarrik gatazka belikoengatik, baita desberdintasun edota natura baliabideen arpilatzeengatik ere. Arreta honetan jarri behar dugu: irabazten duena jende aberatsa da.

Uste duzu alternatiba bat proposatu behar dela migrazioak legalak, ordenatuak eta seguruak izan daitezen?

Bai, egoera honi bide alternatibo batzuk eskaintzen dizkioten elementuen alde gaude: horietako bat erregularizazioa da. Guztientzako paperak eskatzen ditugu. Horrela ez dadin inor egon administrazio egoera irregularrean, eta, beraz, aukera izan dezaten eskubide eta askatasun guztiak eskuratzeko. Horren sinplea eta agerikoa den kontu horrek arazo ugari sortzen ditu. Bide seguruak eta legezkoak eskatzen ditugu, beste pertsona bakar bat ere ez hiltzeko migrazio politiken ondorioz.Atzerritarren Legea deuseztatzeko eskatzen dugu, Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak ixtea, deportazioak eta berehalako kanporatzeak amaiaraztea. Hori da benetan delitua.

Garrantzitsua da diskriminazio jokaleku hau bukaraztea?

Bai, premiazkoa da, eta lehentasunezkoa. Justizia egiten duten migrazio politikak eskaini behar dira, eskubideak bermatzen dituztenak, baita segurtasuna ere. Jendeak, migratu ahal izateko, ez dezala bizia jokatu.

Migrazio politikak moldatu behar dira, beraz.

Egungo migrazio politikak nekropolitikoak dira. Noren bizitzak axola duen eta norenak ez erabakitzen dute. Politika horiek begirada merkantilista, ekonomisizta eta arrazista dute. Politika horiek guztiz irauli behar dira, eta eskubideen bermea, babesa eta errespetua benetan lehenesten dituztenak sortu. Egungo migrazio politika arrazista da; egiturazko arrazakeria eta arrazakeria instituzional hutsa. Eta horrek ondorio larriak ditu. Hasteko, heriotza. Migrazio politika hauengatik, mugetan jendea hiltzen ari dira. Desagertzeak daude, torturak, giza eskubideen urraketak. Min eta sufrimendu asko sortzen dute. Arguineguinen gertatu dena ez da koordinazio faltaren kontu bat. Hori da dagoen migrazio politika, garatu nahi dena.

Bazterketa ez areagotzeko neurriak hartu behar dira?

Noski. Migrazio politiketan garatzen ari den bakarra bazterketa da, sufrimendua eta eskubideen urraketa. Neurriak lehenbailehen hartu behar dira. Beharrezkoa da justizia sozialeko ariketa bat egitea.

Zer iritzi duzu migratzaileen gizarteratze politiken inguruan?

Oro har, gaur egungo testuinguruan, apenas eskaintzen zaion giza eta ekonomia baliabiderik. Sustatu egin behar dira.

Zer arlotan identifikatzen dituzu gabeziak?

Gehienbat, ulertzen da eskubideak eta askatasunak bermatzeak erakarpen efektua dakarrela. Eta horiek politika neofaxistak dira, nekropolitikak. Migrazio politiken bitartez justifikatzen ari dira horrek ekarri dituen ondorio guztiak. Ziur gaude horiek aldatuz gero egungo egoerak bira bat eman dezakeela. Defizitik handiena egungo politiken ikuskeran dago: arrazistak, klasistak eta aporofobikoak dira.

Garrantzitsua da sentsibilizazioa?

Guztiz. Ezinbestekoa da zurrumurruen kontra lan egitea. Aurre egin behar diogu diskurtso hegemoniko honi, diskurtso menperatzaileari. Etiketatzen duten narratibek indarkeria ariketa hori hedatzen dute.

Egoera honetan guztian, zer-nolako eragina izan du COVID-19aren pandemiak?

Pandemiak eragin du artxipelagoaren bizi baldintzak okertzea. Turismoaren monolaborantzan oinarrituta dagoenez, diru sarreretan beherakada nabarmena izan da. Langabezia areagotu egin da; prekaritatea, miseria eta jendearen pobretzea. Baita Afrikan ere. Eta horrek guztiak mugikortasun arazoak handitzea eragin du. Beraz, jendeak migrazio ibilbide hau hartu du, horren hilgarria dena. Jendea alternatibarik gabe geratu da, pobretze egoera larrian dauden tokietatik bota ditu. Migratu duten askok esaten digute: «Hau edo heriotza: besterik ez dago». Oso gogorra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.