begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Segurantzako landetara itzuliz

2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Hegoaldean bukatu zaigu festa. Festa eta erronka. Festa, eta irudi ehiztari moduan ibiltzeko beharra. Festa, eta plaza guztietan gustuko izan ditugun filmak laudatzeko tentazioa, eta gustuko izan ez ditugun horiek gupidagabe zapuzteko gogo lizun ederra.

Bukatu zaigu festa Hegoaldean. Ez, ordea, Iparraldean. Hor duzue galant demonio Miarritzen Latinoamerikako zinema eta kulturari eskainitako jaialdia, non batukadak bat egiten duen Donostiatik pasatu diren hainbat eta hainbat filmekin. Non Como polvo en el viento idatzi zuen Leonardo Padura argentinarra eta Patricia Melo brasildarra (O matador eta Fogo-fatúo nobelen autorea) biltzen diren, espainolez, portugesez eta beste hamaika hizkuntza eternalez mintzatzen den kontinente haren intrigazko literatura iluna hizpide.

Akabo festa Hegoaldean. Gora Iparraldekoaren azken txinpartak. Gaur bertan ikusgai, Zinemaldiaren Horizontes Latinos sailean dastaturiko eta eztabaidaturiko hainbat zinema puska balent. Esaterako, Nikaraguako Laura Baumeisteren La hija de todas las rabias. Churecan, herrialdeko zabortegirik handienean geratuak gara pelikula honetako pertsonaiekin, Lilibeth eta Mariarekin. Ama eta alaba dira, eta bai zinematografikoki, bai gizakiak bezala, franko dute komunean Ben Zeitlinen Beasts of the Southern Wild mirari hartako biztanleekin. Baumeisterren filmean errealismo magikoa ozpindu egiten da. Adi hainbatetan Celine Sciammarekin kolaboratu izan duen Para Onek sortutako soinu bandari.

Biharko programazioan, Donostiatik pasatu ez den lan ikaragarria, Cannes osoa ustekabez hartu eta dardara gozo krudelean utzi zuen Costa Ricako Ariel Escalanteren Domingo y la niebla. Honetan ere, errealismo magikoak bildutako izu istorio batean, hainbat salaketa gogor eta hainbat omenaldi benetako ikusten ditugu.

Bueltarik ez da, akabo zen festa Hegoaldean, Donostiako Beldurrezko Astea eta Bilboko Zinebi bilkura ezinbestekoak noiz hasiko espero desesperatuan.

Bueltarik bada... Iparraldean, non beti izango ditugun zelatan eta erne Gastibeltzako eta Kanaldudeko lagunak (txalo zaparradaz hartu zituen izen biak, ekimen biak, borroka biak Black Is Beltza II: Ainhoa ikustearren Donostiako belodromora arrimatu zen jendetzak).

Izango dira bihar Miarritzen DJak eta Kubako saltsa dantzan hasteko ikastaro trinko-trinkoa. Donostiako Zinemaldian andre, jaun eta beti jabe izan ziren ikusleek saritutako filmarekin bukatuko da festa Iparraldean ere: memoria historikoa zertan den eta datzan ederki dakien herri batetik etorri zitzaigun gurera Santiago Mitreren Argentina, 1985 hori, eta jendeak saritu egin zuen.

Eutsi ba goiari Lapurdi aldean, eta bitez kasik zorionekoak Hegoaldekoak, hamar egunez irudizko landa ezezagun eta irristakorretan arrisku deliziosoan ibili ondoren itzuli baikara segurantza osoko eremuetara. Gustura asko, izan ere. Bai, ez dugu ahaztuko, etsenplurako, Mikele Landa Eigurenek Noizko basoa berean landutako irudi analogikoen eta soinu digitalaren nahasketa arras interesgarria. Ezta Villabona-Amasako Nagore Muriel Letamendiak Erro bi horretan aurrera eramandako istorio-metafora hura ere, Adrian Nogales argazki zuzendariarekin batera ederki sortutako zinema koloratura batean oinarritua. Akatsak ikusi zizkion bere lanari Nagorek pantaila handi-handian proiektatu zenean. Normala, oso, baina bai Mikele, bai Nagore euskal zinemaren esperantza ugarietako bi dira.

Akabo festa Hegoan eta akabatzear kontinentean. Lasai izan, piztu dira dagoeneko areto korrientetako argiak. Bertan, betiko lagunak: gure odol freskoa nahi duten banpiroak (The Invitation) eta Hogwarts ikastetxearen sukurtsal Alemaniakoa den lizeo bateko animalia magikoak. Biek merezi dute. Labordeta musikari eta borrokalariari eskainitako dokumentalak horrenbeste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.