Literatura. 'Zauri Bolodia'

Hutsuneraino betetzea

Idazlea: Oier Guillan. Argitaletxea: Txalaparta.

2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Galderekin amaitzen da Oier Guillanen liburua. Galderaz jositako poemek ixten dute arte pieza, baina idazketa osoan zehar nabarmentzen da ziurtasunetatik ihes egiteko saiakera, erantzunak eman beharrean galderak egitekoa.

Txalaparta editorialeko kontrazalean dio «krisian dagoen aktorearen egunerokoa» dela Zauri Bolodia, krisiaren erakusgarri izanik bere buruari behin eta berriz egiten dizkion galderak. Zauri Bolodia Guillan antzezle eta idazlearen alter ego-a da, eta azken hamabi urteok biltzen dituen egunerokoan saiakera-narrazioa-poesia nahasten dira, protagonistaren barne-bidaiari loturik. Zauri Bolodia, etengabe krisian egoteaz gain, etengabe dago sentimendu intermitenteak aztertzen, handik honako itinerarium mentis-ak osatzen.

Esaten da liburu bat amaitu ondoren sentitzen dela hutsune bat, istorioa amaitzean pertsonaiak hiltzen direnean bakarrik geratzen zarelako sentsazioak uzten dizun nolabaiteko hutsunea. Guillanen Zauri Bolodia irakurtzen nuen bitartean sentitzen nuen hutsune hori bera handitzen zihoakidala, nobelaren egileak egiten duen barne hustuketa ariketak ispilu efektua eragin eta irakurlearen hutsunea handituko balu bezala.

Barne hustuketa inpresio hori errenkadan agertzen diren testu zatiek indartzen dute eta, agian, biluzte jarduera horretan, plazer estetikoa ezkutuan geratzen dela pentsa daiteke. Hala ere, eragin estetikoa lanean zehar errepikatzen diren irudien bidez lortzen da: hausnarrean dabilen subjektu horren gorputzak berebiziko garrantzia hartzen du lan horretan. Poetak denboraren joana sumatzen du eta, denbora horretako bizipenak ukitu egin nahiko balitu bezala, gorputzaren bidez, presente edukitzen du. Norbere buruari gorputzaz kanpotik begiratzearen ahalegin obsesiboa ezin hobeto gogoratzen dute egunerokoko kapituluen hasieran Idoia Beratarbidek irudikatutako marrazkiek; subjektu bikoiztuak, forma biribilak eta itzalak errepikatzen dituzte ilustrazioek. Ispilua ere irudi errepikakorra da narrazioan; behin eta berriz jartzen da poeta bere buruaren aurrean, bere buruari hitz egiten dio, itaundu egin nahiko balu bezala.

«Gaur egun, antzerkian, patetismoa, ironia eta autoironia iruditzen zaizkit ezinbesteko lanabesak», dio Zauri Bolodiak liburuko uneren batean. Horiek aurkituko ditu, hain zuzen, liburu honetako irakurleak ere; bere kontzientzia politikoaren konbentzimenduetatik eratorritako segurtapenak kolokan jartzen ditu egileak, bere buruarekiko bizi dituen inkoherentziak bilatzen ditu eta, horrela, bere buruarekiko borroka etengabean marrazten da pertsonaia:grinen eta desioen artekolehian.

Pieza interesgarria da, zenbaitetan mina eragiten duena. Egileak bere burua ispilu aurrean jarriz irakurlea interpelatzeko duen gaitasunak indarra ematen dio irakurketari. Arteaz, kulturaz, profesionalizatzeaz hausnartzen du, baina baita gizarteratzeaz ere, sistema politikoaz, norbanakoaren eraikuntzaz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.