Max von Sidow

Bergmanen ahotsa

Aktore goretsia igandean hil zen, Parisen, 90 urte zituela. Ingmar Bergmanekin hasi zuen ibilbideak Europan egin zuen ezagun lehenik, eta kontinentetik kanpo segidan.

ANGELIKA WARMUTH / EFE.
mikel lizarralde
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Azkeneko urteetan egiten zizkioten elkarrizketetan, Max von Sidowk aldez aurretik jakiten zuen uneren batean Ingmar Bergmani buruz galdetuko ziotela. Antzerki eta zinema zuzendari suediarraren bitartez egin zen Von Sidow mundu osoarentzat ezagun, eta haren begiradaren eta pentsamenduaren bitartekari bilakatu zen askotan. Sarri galdetzen zioten aktoreari zinemagileaz, baina horrek ez zuen akiarazten, eta beti izaten zituen hitz politak lagun eta maisu izan zuenarentzat: «Gure arteko harremana izugarri inportantea izan zen, bai maila pertsonalean, bai profesionalean, baina, batez ere, harreman konplexua izan zen. Hura gabe ez nintzen hemen egongo». Von Sidow, Europako zinemak eman zuen aktorerik ospetsu eta laudatuenetako bat, igandean hil zen, Parisen, 90 urterekin.

Von Sidow 1929an jaio zen, Lunden (Suedia), eta interpretaziorako joera izan zuen oso gaztetatik. Hain zuzen ere, Stockholmen egin zituen ikasketak, eta han ezagutu zuen Bergman. Det sjunde inseglet (Zazpigarren zigilua) filmarekin hasi zen bien arteko elkarlana, denboran luzatuko zena. Izurriteak suntsitutako Erdi Aro batean Heriotzaren kontra xake partida bat jokatzen duen zaldunaren rola bete zuen Von Sidowk film horretan. Filmak oihartzun handia izan zuen; Bergman egile-zinemaren ikur bilakatu zuen, eta Von Sidow ere ezagutarazi zuen. Baina ez zen hori Bergman eta Von Sidow bikotearen lan bakarra, aktorea zuzendariaren ideien transmisore bilakatu baitzen zenbait urtez. Nära livet (Bizitzaren atarian, 1958) draman rol txikiago bat bete zuen, baina protagonista izan zen Ansiktet (Aurpegia, 1958), Jungfrukällan (Dontzeilaren Iturburua, 1960), Såsom i en spegel (Ispilu ilunean zehar, 1961) eta Vargtimmen (Otsoaren ordua, 1968) filmetan.

Bergmanen lanak nazioartean izan zuen oihartzunaren ondorioz, Von Sidowk ere jauzia egin, eta AEBetan lanean hasi zen, bere herrialdeko ekoizpenei uko egin gabe. Hala, 1960ko hamarkadatik aurrera, John Hustonekin (The Kremlin Letter, 1970, Escape to Victory, 1981), William Friedkinekin (The Exorcist, 1973), Woody Allenekin (Hannah and her Sisters, 1986) eta Steven Spielbergekin (Minority Report, 2002) egin zuen lan, besteak beste. Bere azken lanetako bat Game of Thrones telesailean bete zuen.

Bitan egon zen aktore onenaren Oscar saria jasotzeko izendatua, baina ez zuen irabazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.